Olavarria, Argentina. Sortu zutenetik 152 urte bete ditu Buenos Aires probintziako Olavarriak eta euskal aztarnak izenean ere agerian dituen hiri honetan euskal gizataldea bertako ospakizunetako protagonista izaten da urtero-urtero. 70.000 lagun inguru biltzen dituen festa joan den igandean, azaroaren 24an, egin zen, euskal izena ere baduen Helios Eseverri Parkean. EEko lehendakari Maria Susana Mendizabal buru, sukaldaritza stand batekin hartu zuen parte Gure Etxe Maitea Euskal Etxeak.
Azaro hasieran, bestalde, euskal etxe olavarriatarreko lagunek bidaia egin zuten ilusio handiz Bahia Blancara. 8tik 10era Euskal Aste Nazionaleko asteburu negusian hartu zuten parte; eta honek esan nahi du olavarriatarrek bileretan, erromerietan eta baita antzokiko dantza emanaldian ere aritu zirela. Bizi izandako momentuak ongi atxiki eta gordetzeko, segidako bideo honetara ekarri zituzten:
[Gure Etxe Maitea Bahia Blancako 2019ko Euskal Astean]
Gure Etxe Maitea-ko lagunek jakinarazi digute azkenik, ‘Mercado de Sabores’ (Zapore Merkatua) izeneko sukaldaritza gunean ere izan zuela bere lekutxoa euskal gastronomiak urriaren 18tik 20ra, EEko sukaldarien eskutik.