Olavarria, Argentina. "Etapa berria" hasi du aurten Buenos Aires probintziako Gure Etxe Maitea Euskal Etxeak bere egoitzaren hobekuntza lanak lagun. Eraikinaren barne itxura berrituta agertzen da apiriletik, obrek aretoa nagusia, sukaldea, komunak eta patioa bera ukitzen dutela. Hobekuntzok inauguratzeko eta bazkide eta lagunen ahalegina eskertzeko, bazkaria antolatu zuen elkarteak eta bertako lehendakari eta erreferente behinena den Maria Susana Mendizabalek hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei.
Erakundearen ibilbidea ekarri zuen gogora Mendizabalek bere hitzetan eta gailendu zuen apiril honetan estreinatu duten obra azken bederatzi urte hauetako talde lanaren emaitza dela.
“Oso egun garrantzitsua da gaurkoa, batez ere gogora ekartzen badugu nola zegoen Euskal Etxea gu sartu ginenean orain bederatzi urte. Lan handia egin dugu eta hazi, sendotu eta euskal etxe emankorra bilakatu gara, eta harro gaude komunitateari egiten diogun ekarpeaz. Polita litzateke orain jende gazteagoa etortzea eta gure ahaleginari behar bezalako jarraipena ematea”, adierazi zuen Mendizabalek, belaunaldi berriei dei eginez.