Olavarria, Argentina. Olavarriako Udalak hiriaren --Buenos Aires probintzia erdigunean-- 151. urteurrena ospatzeko 60.000 pertsona bildu zituen jaialdia antolatu zuen, hiriko hainbat erakunde partaide eta komunitate osoa lagun. Festa azaroaren 24an egin zen bertako Helios Eseverri Parkean, bertan hiriko kolektibitateen eta beste hainbat erakunderen artean kultura eta sukaldaritza eskaintza oso zabala oparitu ziotelarik bildutako publikoari. Euskal Etxeak, txoko gastronomikoa muntatu eta "tripakiak Bizkaiko erara, bildotsa txilindron erara, pintxoak eta postreak" zerbitzatu zituen.
Gure Etxe Maitea-ko arduradunak oso pozik agertu zaizkio EuskalKultura.com-i jaian izan duten partaidetzarekin, “batez ere oso festa jendetsua delako eta pozgarria delako herriko beste elkarteekin batera ekitaldiak antolatzea, mailari eutsiz gainera”, adierazi du Euskal Etxeko erreferente nagusia den Marisu Mendizabalek.
“Urteurren ospakizunean izandako arrakastaz aparte, oso bolada polita ari garela pasatzen aitortu behar dugu”, jarraitu du Mendizabalek. Azaroaren 11an Euskal Etxean egin genuen topaketank jende asko bildu zuen eta Mar del Platan, Euskal Asteko ekintza guztietan izan gara partaide”.