euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olavarriako Gure Etxe Maitea euskal etxeak aurkeztutako karrozak II. saria lortu du bertako Inauterietan

2012/03/16

Olavarriako Gure Etxe Maiteak aurkeztutako karroza (argazkia Infoeme Diario On Line de Olavarria)
Olavarriako Gure Etxe Maiteak aurkeztutako karroza (argazkia Infoeme Diario On Line de Olavarria)

PUBLIZITATEA

Otsailaren 21ean bukatu ziren Buenos Aires probintziako Olavarria hirian 2012ko Inauterien jaiak. Gure Etxe Maitea-ko kideek partaidetza arrakastatsua izan zuten festan. Izan ere, euskaldunek aurkeztutako baserri itxurako karrozak bigarren saria lortu zuen, diseinuen hautaketan. Duela bi urte berrabiatu zen euskal erakundeak aurtengo egitaraua ere plazaratu du azken egunotan. Zabalik da jadanik euskal dantzak eta euskara ikasteko izena emateko epea. Ospakizunei dagokienez, Olavarriako euskal etxeak komunitate osoa gonbidatzen du Aberri Eguna ospatzera apirilaren 15ean. Beste alde batetik, larunbatero “Euskaldunen ordua” irratsaioa aireratuko da FM 97.1 frekuentzian.

Olavarria, Argentina. Milaka lagun bildu ziren otsailaren 21an Olavarriako “Corsodromoan” inauteriei amaiera emateko. Lau kaleko kabalkadak txalo ugari jaso zituen eta karrozen eta konpartsen ilara pasatu eta gero, Momo Erregearen panpinaren erretzea eta su artifizialen ikuskizuna ikusi ahal izan zuen publikoak. Festako ekimenen artean, karroza onenak hautatu ziren eta Gure Etxe Maitea euskal etxeak prestatutakoak bigarren saria jaso zuen. Karrozak euskal baserri baten itxura zuen eta karrozan zihoazenak Euskal Herriko ohiko jantziz jantzita joan ziren. 

Olavarriako Inauteriak 2012 01

[Olavarriako euskal etxeko txikienak, baserri itxurako karrozan (argazkia Infoeme Diario On Line de Olavarria)]

Aberri Eguna, irratia eta ikastaroak

Datozen hilabeteei begira, ekintza-sorta iragarri dute euskal etxeko arduradunek. Hasteko, apirilaren 15ean --eta Argentinako beste hainbat euskal erakundek egingo duten legez-- Aberri Eguna ospatuko du Olavarriako Gure Etxe Maiteak. Bazkaria etxeko egoitzan izango da honako menuaz: mota askotako pintxoak, arkumea txilindron erara, postrea eta edariak. Txartelak 100 peso balio ditu eta salgai jarriko diren sarreren kopurua mugatua denez, antolatzaileek gomendatzen dute aldez aurretik eskuratzea Moreno kaleko 3078 edo 2910 zenbakietan. Telefonoz ere egin daitezke erreserbak, 02284 15454232 edo 02284 15623935 zenbakietara.

Komunitateari zuzendutako beste proposamenik ere badu 2010ean ateak berriro ireki zituen euskal etxe honek. Larunbatero goizeko 8etatik 9etara “Euskaldunen Ordua” delako irratsaioa aireratuko da FM 97.1 frekuentzian. Ordubeteko emanaldian, Euskal Herriarekin lotura dituzten hainbat gai garatuko dira.

Euskara eta euskal dantzak ikasi nahi dituztenentzat, ikastaroak laster hasiko dira Olavarriako euskal etxean. Dantzarien taldeak adinaren arabera osatuko dira. Erantzuleek adierazi digute eskolak doakoak izango direla. Informazio gehiago eskuratzeko, euskal etxeko egoitzara (Irigoyen eta Alsina) jo daiteke, larunbatetan arratsaldeko 3etatik 5etara. Telefono zenbakiak, berriz, 02284 15454232 edo 02284 15623935 dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia