Olavarría, Argentina. Olavarríako herriak aste oso bat gorde du aurten bere egutegian, etorkinek udalerriari eta lurraldeari oro har egin dioten eta egiten ari zaizkion ekarpena aitortu eta ospatzeko. Hiriko Udalak eta Gizataldeen Batasunak programa aberatsa eratu dute, abuztuaren 31ean, larunbata, Udaletxeko Rivadavia aretoan egindako protokolo ekitaldiarekin abiatuta. Saioak gizatalde eta nazioetako banderak izan zituen partaide, tartean Ikurriña.
Igandean, irailaren 1ean, “Gure sustraiak” azoka gastronomiko erraldoia gauzatu zuten San Jose Udal Kultur Etxean, Gure Etxe Maitea euskal etxe olavarriatarraren partaidetza nabarmenarekin. Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagola ospakizunetan izan zen eta Maximiliano Wesner udal intendenteak hartu zuen.
Hasiera ekitaldian parte hartzeaz gain, larunbatean, Olavarriako Udal Etxean harrera egin zioten Sara Pagolari Gure Etxe Maiteko lehendakari Pablo Ormazabal eta lehendakariorde Maria Susana Mendizabalekin batera. Maximiliano Wesner intendentea izan zen bileraren buru, eta Mercedes Landívar kabineteburua eta Norberto Almeida Kultura idazkaria ere bertan ziren. Gauean, Euskadiren ordezkariak afari bat partekatu zuen Euskal Etxeko egoitzan Gure Etxe Maitea elkarteko bazkide eta lagunekin.
Sara Pagola eta Gure Etxe Maitea Euskal Etxeko lagunak Udaleko agintariak harreragile
Emanaldi txalotua eskaini zuten Gure Etxe Maiteako dantzariek Olavarriako herritarren aurrean
Afari batekin egin zioten harrera Sara Pagolari Olavarriako Gure Etxe Maitiaren egoitzan
Hitzaldia eskaini zuen Euskadiren ordezkari Sara Pagolak Immigrantearen Egunaren karietara
Irailaren 1ean, igandea, Gure Etxe Maitearen Folklore Tailerrak, Ana Paladiniren eskutik, eman zien hasiera Immigrantearen Jaiko ikuskizunei. Euskal etxeak saltoki bat ere izan zuen, euskal jaki tradizionalekin, eta dantzariek emanaldia eskaini zuten. Julia Arouxet zuzendari duen txikienen taldeak samurtasuna piztu zuen eta Javier Alzuak zuzendutako ertain eta helduen taldeak bezala, txalo zaparrada jasa zuen. Hor ere, Sara Pagolak "Euskadi. Abangoardia maite duen antzinako herria" izeneko hitzaldia eman zuen.