euskal diaspora eta kultura
2012/11/07
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Olatz Gonzalez Abrisketa (Bilbao, 1973) antropologoak bere ikusentzunezko proiektu berriaren nondik-norakoak azaldu dizkio EuskalKultura.com-i. Filmea euskal pilotari buruzko dokumental bat izango da eta Jorgen Leth zinemagile daniar ospetsuarekin lankidetzan zuzenduko du Olatzek. Gonzalez Abrisketa gaian aditua da, izan ere euskal pilotari buruzko zazpi urteko ikerketa egin zuen bere doktoretza tesirako. Ondoren, 2006ean, ikerketaren emaitzak liburu batean argitaratu zituen: 'Pelota Vasca, un ritual, una estética' lana. Orain, gaiari helduko dio berriz, esku pilota eta pilotarien bizimoduari buruzko lan hau egiteko.
Urtarrilean hasi eta sei hilabetez luzatuko da filmearen grabaketa. Bertan agertuko diren pilotarien artean izen batzuk aipatu ditu Gonzalez Abrisketak, hala nola, Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo bezalako izarrak. Eurekin batera profesional mailara jauzi egitekotan diren gazteak ere agertuko dira. Basque Films ekoiztetxeak parte hartzen du proiektuan eta Danimarkarekin ko-produkzioa egingo da.
"Sorkuntzako dokumentala izango da, ez da proiektu pedagogiko bat izango", azaldu dio Gonzalez Abrisketa EuskalKultura.com-i. Zuzendariaren aurreko lanak antropologia arlokoak izan dira: saria jaso berri duen "Carmen" laburra eta Jorgen Leth-i buruzko dokumentala.
Pilotari buruzko aditua da ere Jorgen Leth zuzendaria: 1983ean "Pelota" izeneko dokumentala egin zuen. Bertan agertzen ziren Retegi II.a bezalako garaiko izarrak eta Enio Morricone musikagile sonatuak egin zuen luzemetraiaren soinubanda.
Olatz Gonzalez Abrisketa Antropologia Bisualari buruzko HAUtaldea proiektuko kide da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus