Lazkao, Gipuzkoa. Duela hiru hilabete ailegatu zen Frédéric Touya Lazkaoko Maizpide Barnetegira euskara ikasteko asmoz. Okzitaniako Tolosan jaioa, Frédéric lehen hezkuntzako irakaslea da eta egun master bat egiten ari da. Horri esker, denbora hartu ahal izan du bere euskara hobetzeko. Gurasoak Iparraldean sortuak ditu, baina ez zuten euskara ikasi: “Orain ari naiz konpontzen hori, baina bide luzea da”, adierazi digu. “Nire sustraiengatik etorri naiz, gure kultura babestu behar dugula pentsatzen dudalako” diosku.
Izan ere bere eguneroko bizitzan, Tolosan, aktiboki egiten du lan Frédéric-ek euskal kultura sostengatzen. Hiriko Denak Bat Euskal Etxeko diruzaina da, musutruk, eta euskal elkartean bertan hasi zen euskara ikasten duela zazpi urte. “Berrogei bat kide gara, oso dinamikoak, mus txapelketak antolatzen ditugu, musika, dantza, euskara eta jaiak”, kontatzen dio EuskalKultura.eus-i. Datorren ostiralean bertan, abenduaren 16an, Eguberri festa ospatuko dute, sagardotegi gau batekin, Bazacle kiroldegian. “Tolosatik pasatzen bazarete, gustura erakutsiko dizuet euskal etxea”, gonbidatzen gaitu.
lazkaon, euskara... eta baita dantza eta txistua ere
Lazkaon gozatu egiten du baita ere formakuntzetatik eta klaseetatik kanpoko ekintza ezberdinekin. Pasa den aste honetan, adibidez, Bizi-Ola Kooperatiba eta Durangoko Azoka bisitatu dituzte. Hizkuntzaz gain, dantza eta txistua ikasten ari da. Zalantzarik gabe, euskal giroak laguntzen du, ez bakarrik euskaltegian, baita herrian ere, non euskaraz bizi daitekeen. “Uste dut nire arbasoek eskerrak ematen dizkietela Maizpideko irakasleei”, laburbiltzen du Frédéricek.
Zorionak eta segi aurrera!