Normalean ez da Estatu Batuetan Oklahoma estatua euskaldunekin lotzen, baina Oklahomako erlijio historiako atal batzuren protagonista izana da euskal misiolari talde bat XIX. mende hondarrean eta XX.aren lehenengo erdian. AEN Mendebaldeko artzainen lurretatik urrun, 1881eko martxoan heldu zen lehenengo apez euskalduna Oklahomako Sacred Heart misiora, Oklahoma oraindik lurralde indioa zen garaian. Aita Gabriel Arreguy zuen izena eta bere ondotik hamarnaka misiolari euskaldun, gizon eta emakume, aritu ziren bertan lanean. Horietako azkenetako batek, Oklahoman zein Kalifornian ibili zen aita Espelette aldudarrak -1958an Oklahoman ehortzia-, euskarazko bertso eta poemak idatzi eta eman zituen argitara Estatu Batuetan.