euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko Oinkari-k dantza-maratoia egingo du ostegunean dirua biltzeko udan Euskal Herrira bidaiatzearren

2011/05/04

Dantza-maratoiko iragarkia
Dantza-maratoiko iragarkia

PUBLIZITATEA

Uztailean Euskal Herrira bi astebetez bidaiatzeko planak ditu Boiseko Oinkari euskal dantza taldeak. "Noizean behin Euskal Herrira joatea oso garrantzitsua da taldearen 'benekotasuna' mantentzeko eta Euskal Herriko gainerako dantza taldeekiko harremanei eusteko", azaltzen dute Oinkaritik. Hartu-eman guztiek norantza bikoitza dutelarik, taldeak talde euskal-amerikar gisa dituen ezaugarri komun zein bereziak erakusteko ere baliatu nahi du bidaia. Asteburu honetan, 24 orduko dantza-maratoia egingo dute Boiseko Euskal Etxean, bidaiarako dirua biltzeko hain zuzen.

Boise, AEB. Uztailean Euskal Herrira egin nahi duten bidaiarako antolaketa prestakizunetan hasi ziren urte hasieran Boiseko Oinkari euskal dantza taldeko kideak. Sei-hilabeteko ekitaldi programa egitea erabaki zuten bidaiaren gastuekin laguntzeko. Urtea hasiz geroz antolatutako ekitaldien artean dago, adibidez, martxoan eginiko Sagardotegia, beti ere euskal kultura eta moldeak jendaurrean agertu eta aldi berean taldearen aurtengo helburu berezi honetarako dirua lortzen laguntzeko.

Taldeak babesleak ere bilatu ditu eta Kathy Wrapir, esaterako, sponsor bilakatu zaie, State Farm Programa Kulturalaren bidez. Helburu eta lan serio duten honetan, Oinkariko dantzariek sariak eta enkantean jartzeko opariak lortu dituzte Boiseko dendetatik. 

Aste honetan, ostiralean, euskal-boisetar dantza taldeak 24 orduko Dantza-maratoi baterako deia egin du, eta maiatzean baita ere gosariak antolatu dira, Applebee's jatetxean hurrengo bi asteetan, Oinkariko dantzariek zerbitzatuta, etekinak osterako baita ere.

Ostiralean, maiatzaren 6an, gaueko hamabietan --edo, hobe esan, larunbatean 00:00etan-- hasiko dute maratoia, Euskal Etxeko ekitaldi areto nagusian, Oinkari dantzariek, eta 24 orduz, larunbat gauera arte luzatu asmotan dabiltza. Azkeneko bi orduetan, larunbateko gaueko hamarretatik aurrera, Amuma Says No musika taldearen laguntza izango dute, ekitaldiari indar berezia emanez. Dantza-maratoia internetez segitu ahal izango da, taldearen www.oinkari.org webgunetik.

Bestalde, datozen asteetan, maiatzaren 14 eta 21ean, hilabete honetako beste proposamenetako bati ekingo diote Oinkarikoek eta euren taldeko dantzariek gosaria zerbitzatuko dute Boiseko Applebee's jatetxean. Euskal dantzariz jantzita, Oinkarikoek gosari bereziak banatuko dituzte goizeko 7etatik 10ak arte, "jan dezakezun guztia" moldeari jarraituz --pancakes, saltxitxak, laranja ura, kafea eta beste zenbait sarrera barne-- nahi adina errepikatuz, beraz, 7 dolarren (umeek 4) truke.

 



Komentarioak

  • Erantzuna Goizuetako Juan Antoniori

    OK, pasatuko diogu informazioa Oinkariko dagokionari.

    EuskalKultura.com Boise, 2011/05/04 21:44

  • Boiseko Oinkari dantza taldea

    Nere e-maila eskatu diazute: jalekuona1@hotmail.com

    Juan Antonio Lekuona Salaberria, 2011/05/04 21:04

  • Goizuetako Juan Antonio Lekuonari

    Onena, Juan Antonio, zure e-maila uztea hobeto eta zuzenean komunikatu ahal izateko.

    EuskalKultura.com Erredakzioa, 2011/05/04 12:15

  • Boiseko Oinkari dantza taldea

    Goizuetako Umore-Ona abesbatzaren Lehendakaria naiz eta gu ere Boisera joateko asmotan gabiltza 2015. urtean egingo duzuen Euskal Festara. Gustatuko litzaidake jakitea ze egitaraua duzuten udarako, Zenbat zarete? Zenbat eguneko zatozte? Nun emango dituzute dantzaldiak? Animo!!! eta ia zuek ikusteko aukera izaten dugun.Mila esker.

    Juan Antonio Lekuona, 2011/05/04 09:23

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia