Joseba Etxarri. Donostiarra da Oihane Pardo eta 28 urte dauzka. Lanbidez arkitektoa, bi urte dira Shanghain bizi dela. Trebakuntzan eta eskarmentu profesionalean aurrera egiteko borondateak ekarri zuten bere hitzetan "Asiako New York" den hiritzar honetara. Etorri baino lehen, bere aitak zenbait material eman zion Shanghain, zetorrela baliatuta, erakusketa munta zezan bertako Euskal Etxean Euzkadiko Gudontzidi Laguntzaileaz. Handik oso gutxira, Juan Pardo Gil, historialaria eta euskal historiako pasarte berezi honen ikertzaile gogotsua, zendu egin zen eta gai hau une egokiago baten beha geratu. Une hori iritsi da eta gaurko egunez Matxitxakoko Lurmuturreko Itsas Borrokari eskainiko dion gomutaz gain, Shanghaiko Euskal Etxeak, Matxitxako Elkartea eta Oihane Pardo bera lankide, erakusketa hori zabalduko du Euzkadiko Gudontzidi Laguntzaileaz eta Matxitxakoko Itsas Borrokaz datorren martxoaren 15ean.
-Berehala aipatuko dugu prestatu duzuen programa, baina esaidazu lehenik zertan ari den Shangahin zu bezalako gazte bat.
Duela bi urte etorri nintzen Eusko Jaurlaritzaren beka batekin. Lanean aritu nintzen aurreneko Arrasateko arkitektura enpresa batentzat eta geroago, arkitektura, paisajismo eta barru-diseinu beste konpainia batera pasatu nintzen. Hona etortzea pixkat kointzidentzia izan zen, neuzkan aukerak India, Kolonbia edo Txina baitziren eta azkenean honakoa atera baizitzaidan. Gogoratzen etorri berritan kontrasteek harritu nindutela. Shanghai Asiako New York bezalakoa da eta ez nuen hain aurreratua espero gauza batzuetan, uste dut tenploz betetako hiri bat-edo espero nuela edo halako zerbait.
-Kontrasteak aipatu dituzu...
Esaterako sekulako auto deportiboak ikustea eta alboan jendea bizikleta zahar behin eta berriro konponduetan. Hona etorri aurretik ez nuen txinatar bat ere ezagutzen, japoniar batzuk bakarrik, jende edukatua, ordenatua, langilea eta lotsatia eta hemen mundu zeharo desberdin batekin egin nuen topo, seguruenik estereotipoek baldintzatuta, "txinatar batek bezala lan egitea" eta honelakoek.
-Noiz arte gelditzeko planak dituzu?
Ez dakit. Urtebeterako etorri, eta gero beste urte bete egin dut. Argi daukat Euskal Herrira itzuli nahi dudala, hor dauzkat familia eta lagunak, baina hemen lana daukadan bitartean... Baliteke beste urtebete edo pare bat gehiago segitzea, hor gauzak konpontzen diren bitartean.
-Euskal Herriko langabeziak baldintzatzen zaitu.
Arkitektoa naiz eta eraikuntzaren mundua sakon ukitu du krisiak. Karrerako lagunak, adibidez, oraindik arkitekto lanetan ari direnak, guztiak Donostiatik kanpo ari dira, gehienak atzerrian.
-Gomendatuko zenieke euskal gazteei Txinan saiatzea?
Hemengoa oso eskarmentu trinkoa, desberdina eta zaila da. Lehenengo arazoa hizkuntza da. Beste herrialde batzuetan ingelesak balio dizu, baina hemen, Shanghai hiri handi eta kosmopolita izanik ere, ez da batere erraza ingelesa hitz egiten duen jendea topatzea. Kaleko jendeak ez daki, hasteko. Kultura eta espresatzeko bideak hain dira desberdinak... Komunikazioa zaila egiten zaizu, hasieran batez ere. Bestalde, Shanghai hain da hiri handia posible dela hemen bizitzea baina neurri batean Txinatik aparte bizitzea, beste atzerritarrekin bakarrik ibilita eta herrialde honen egiazko eskarmenturik izan gabe. Eta hemengo eskarmentua interesgarria eta aberasgarria da zalantzarik gabe.
-Nola dabil zure txinera?
Ikasten ari naiz. Egia da askotan ez dela erraza lanarekin konpatibilizatzea, baina saiatzen ari naiz. Ez da ezinezkoa, lagunak baitauzkat oso ondo hitz egiten dutenak. Esango nuke, gainera, euskaldunoi, maiz bizpahiru edo lau hizkuntza ikastera ia derrigortuta gaudenez, errazago zaigula euskararekin. Nire ustez garrantzitsua da bizi zaren herrialdeko hizkuntza ikastea. Eta txinatar asko kokoteraino daude mendebaldekoak hona ingelesarekin bakarrik etortzeaz, txinerarekin ahaleginik egin gabe.
-Aipa ditzagun Euzkadiko Gudontzidia eta Matxitxakoko Itsas Borrokari buruzko erakusketa.
Nire aita, Juan Pardo San Gil, historialaria zen, eta gogotik ikertu zuen gai hori. Ikertzeaz arduratu zen, baina ez bakarrik ikertzeaz, ahalegin handia jarri zuen baita ere ikerketen emaitzak zabaltzeaz. Denbora asko dedikatu zion eta bere materialaren zati handi bat guztien eskuragarri ipini zuen www.marinavasca.eu webgunean, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Niri Txinara etortzeko aukera sortu zitzaidanean, komentatu zidan zergatik ez zeozer antolatu hemen, Euskal Etxean, Matxitxatxoko Borrokaren urteurrena heldutakoan, eta liburu batzuk eta material bat eman zizkidan. Hil zenean, 2013ean, ni hona etorri berritan, hori guztia eten egin zen. Orain arte. Orain, Matxitxako Elkartekoekin --modu berezian Koro Sanchezekin-- eta etxetik eskaini didaten laguntzari esker material hura osatu eta panelak egin ahal izan ditugu. Lehenengo aldiz erakutsiko ditugu martxoaren 15ean, igandea. Badakit lehenago, 2012an, aitak eta elkartekoek gaiari buruzko zabalkunde lana egin eta erakutsi zutela beste euskal etxe batean, Argentinan, San Nicolas de los Arroyos herrian. Oraingo honetan nik hitzaldi txiki bat eman azaltzeko zer zen gudontzidia eta bataila eta bi bideo erakutsiko ditugu, bat aitak egindakoa garai hartako irudiekin eta beste bat elkarrizketa batekin, Nabarra ontziko azken biziraulearekin, Juan de Dios Telletxearekin. Horrekin batera, panelak eta irudiak egongo dira ikusgai, eta eguna elkarrekin afaltzen bukatuko dugu.
-Prest zaudete erakusketa interesatuta egon daitezkeen beste euskal etxe edo lekutara ere zabaltzeko.
Erabat. Panelak eta material guztia digitalizatuta dauzkagu, internetez erraz bidaltzeko moduan beraz, dagokion lekuan inprimatu eta panelak bertan egin ahal izan ditzaten. Interesatuek kontaktatu besterik ez dute, Matxitxako elkartearekin, Shanghaiko Euskal Etxearekin edo nirekin.
-Jaitsi, elebitara, euskaraz eta gaztelaniaz, argitara emandako Juan Pardo San Gil-en Euzkadiko Gudontzidia La Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi (1936-39) liburua