euskal diaspora eta kultura
2012/10/04
PUBLIZITATEA
Eibar, Gipuzkoa. Dantzan.com webgunea sarera bueltatu da, baina Oier Araolaza dantza adituak epe laburrerako bakarrik izan daitekeela ohartarazten du. Joan den abenduaren 31ean itxi egin behar izan zuten, dirulaguntzen murrizketaren eraginez, baina euskal dantza munduak abiatu zuen sostengu kanpainari esker, erakundeen laguntza eskuratu eta bueltan da webgunea. Oraingoz behintzat. Nonbait, lortutako dirulaguntzak sarean epe jakin batean segitzeko baino ez du balio, eta webgunearen etorkizunak kolokan segitzen du.
Esan beharra dago Eibartik abiatutako ekimen hau, euskaraz, normaltasunean eta modu normalizatzailean ari den ekimena izateaz gain, partaidetzaren bultzagarri, erreferentzia izanik euskal dantzaren alorrean euskaraz zein erdarez, euskal dantza taldeen ekimenen berri ematen duen webgunea baino gehiago dela. Esaterako, Araolazak EuskalKultura.com-i aitortzen dionez, Euskal Herriko eta Diasporako taldeen topagune birtuala ere bada, besteak beste; eta formazio alorrean laguntza eskaintzen die taldeei, ikastaroak antolatzen ditu, aholkularitza zerbitzua eskaintzen du eta, hainbat urteko lanaren ostean, dokumentazio zentro txiki bat ere osatu du. "Alderdi hauek guztiek elkar elikatzen dute, eta guztiek osatzen dute Dantzan.com", dio Araolazak.
Diasporako faroak
Dantzan.com.eko taldeari aholkuak, datuak edo informazioa eskatu dioten talde horien artean badira Diasporakoak ere, eta Araolazak bereziki azpimarratzen du Diasporako dantzarien ekarpena eta euskal dantzarekiko zaletasuna: "Zortzigarren probintzia dira, eta hemen galtzen ari garen gauza batzuk Diasporari esker ari gara mantentzen".
Diasporako taldeen artean, Euskal Herrian bezala, denetarik dagoela onartzen du, baina talde horien artean talde oso onak ere badirela dio. "Batzuetan paternalismoarekin begiratzen zaie Diasporako dantza taldeei, baina esan beharra dago zorroztasun aldetik, interes aldetik, badirela faroak bezala diren talde batzuk". Horien artean aipatzen ditu, esaterako, Boiseko Oinkari Basque Dancers taldea, edota Buenos Aireseko Ekin Dantzari Taldea.
Iaz Estatu Batuetan izan zen Araolaza, NABO euskal etxeen federazioak gonbidatuta dantza tailerrak ematen, eta bere esanetan haiek "gu baino askoz aurretik dabiltza gauza batzuetan. Haiek hona begira izan dira beti, baina bada garaia Euskal Herritik ere hara begira hasteko".
-Dantzan.com webgunea, hemen.
-Oier Araolazak Etxepare Euskal Institutuarentzat idatzi duen euskal dantzari buruzko liburua, PDF-an, hemen (Diasporako dantza mundua ere aipatzen du bertan)
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus