euskal diaspora eta kultura
2012/12/21
PUBLIZITATEA
Olavarria, Argentina. Olavarriako euskal etxearen aurtengo ekintzen zerrenda luzea da oso, baina item guztiak aipatzea merezi du. Izan ere, mementu ederrak bizi izan dituzte erakundeko lagunek eta komunitate osoarekin konpartitu nahian horien berri ematen digute.
Herriko inauterietan bigarren saria jaso zuen Gure Etxe Maiteak aurkeztutako baserri itxurako gurdiak. Jaiaren baitan, sukaldaritza stand bat ere muntatu zuten euskal gizataldeko ordezkariek. Eta euskaldunak bereizten dituen ezaugarri bat solidaritatea baldin bada, Olavarriako euskal etxeko arduradunek topiko hori ondo asko betetzen dute: 2012 honetan, ahalmen bereziko eskola bateko ikasleentzako janaria prestatu, kale gorrian bizi direnentzako jaki eta arropa bildu eta uholdeak pairatu zituzten herritarrak lagundu zituzten.
[Dotore baino dotoreago zegoen euskal etxeko aretoa urte amaierako festan (argazkia ME Arrondo)]
Kutur arloan, Euskal Aztarna erakusketa ibiltaria ikusgai egon zen Buenos Aires probintziako herri honetan ekainaren 20tik uztailaren 1era arte. Eta jaiak ere ez dute hutsegin, ospatu baitira Aberri Eguna, Ereserkiaren Eguna, Ikurrinaren Eguna, Sanferminak, Immigrantearen Eguna…
Etxetik kanpo, Olavarria hiriaren urtemugan hartu zuten parte euskal etxekoek Gernikako Bonbardaketari buruzko erakusketarekin; horrez gain, Helios Eseverri Parkean burututako festan euskal txoko batez arduratu ziren eta Rosarioko Euskal Astera bertaratu ziren, ehunka kilometro ibiliz. Bizitasunik gabeko garaiak bukatu dira Gure Etxe Maitea-rentzat eta Eusko Jaurlaritzaren erregistro ofizialean berriro sartzea ere bazkari batekin ospatu zen. Bisitariak ere jaso ditu urtean zehar, tartean, Mikel Ezkerro irakaslea eta Elvira Kortajarena Euskadiko Ordezkaria.
[Marisu Mendizabal eta Marita Echave lan 'ta lan sukaldean (argazkia ME Arrondo)]
[Marisu Mendizabalek (Olavarria) eta Maria Ester Arrondok (Laprida) opariak eman zizkioten elkarri (argazkia ME Arrondo)]
2012. urteari amaiera emateko, afari bat antolatu zuten euskal erakundeko kideek abenduaren 15ean. Afariaren baitan, eta bataio moduan, egoitzako hiru aretori ohorezko bazkideen izenak jarri zizkien Gure Etxe Maiteak. “Omenaldi bat egin nahi genien euskal etxean jardunbide luzea duten hiru lagun hauei: Marisa Viguri dantza irakasle izan zen hemen eta Lapridan; Juan Luis Urrutia Gerrako Umea izan zen eta Raquel Melendez euskal etxearen lehendabiziko sorreratik dago gurekin”, azaldu dio erakundeko lehendakaria den Marisu Mendizabalek EuskalKultura.com-i.
Marita Echave cordobatarrak zuzendutako sukaldarien taldeak plater ederrak prestatu zituen festarako, tartean, pintxoak, bildotsa menda, erromero eta patatekin, eta postrerako, flan fruituekin. Jaia bukatu aurretik, gonbidatu guztiek euren kopak jaso zituzten topa egiteko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus