Omenaldi bazkaria abenduaren 6an izango da eta urteari amaiera emateko egingo diren ekintzen baitan eskainiko da. Ohorea euskal etxeko kide diren Euskal Herrian jaiotako 16 lagunei egingo zaie, Euskal Etxearen egoitzan. Horrekin batera, Toki Eder-ek jakinarazi du euskal elkarte josecepaztarrak Ohorezko Kide izendatu dutela Mikel Ezkerro irakaslea.
Jose C. Paz, Argentina. Zeremonia hunkigarri eta berezi bat ari da antolatzen Toki Eder Euskal Etxea Euskal Herrian jaioak diren eta euskal etxean aritzen diren hamasei laguni, erakundeko lehendakaria den Maria Angeles Oñederra bera barne. Euskal Etxeko iturriek Euskalkultura.com-i jakinarazi diotenez, “aspaldiko zorra genuen gure etxea ondratzen duten pertsona hauei merezi duten omenaldia egitea. Gonbite berezia egingo diegu, gure gain, jakina. Bazkarian Aurreskua dantzatuko diete Toki Eder-eko gazteek, abesti polit bat kantatu, eta diploma eskuratuko diegu”, azaldu digute.
Bazkaria abenduaren 6an izango, egoitzako areto nagusian.
Hitzaldiak eta aitortza Mikel Ezkerrori
Mintzaldi ziklo bat ere garatu du urtean zehar Euskal Etxeak eta azken bi hitzaldiak Magdalena Mignabururen eta Mikel Ezkerroren esku egon dira.
Azaroaren 14an bisitatu zuen Magdalena Mignaburuk Jose C. Pazeko Euskal Etxea eta bertan “Euskal Herriaren garapena, ohiko jantzien bidez” izenburuko hitzaldia eman zuen. “Oso aditua da gaian Magdalena eta bere azalpenek gure arbasoen bizipenak eta ohiturak gogorarazi zizkiguten. Publikoari izugarri gustatu zitzaion eta horregatik esker beroak luzatu nahi dizkiogu”, adierazi zaigu Toki Eder-etik.
Mikel Ezkerro irakasleak hartutako gaia “Euskal sustraien bila” izan zen eta ·urtero egiten duen legez liluratu egin zuen publikoa bere ideia argiekin eta ezagutza zabalarekin” esan digu elkarteko buru Maria Angeles Oñederrak. Hitzaldiaren baitan eta hizlariak euskal etxearen alde egiten duen lana eta urtetan euskal kultura zabaltzen Jose C. Pazen eta oro har Argentinan barrena daraman jarduera eskertzeko, Toki Eder-ek Ezkerro Euskal Etxeko Ohorezko Kide izendatzea erabaki zuen elkarteko Batzordeak eta hala ohoratu zuen bera hitzaldia ematera agertu zen egun eta ekitaldi berean.