San Jose, Uruguai. 1806an iritsi zen lehenengo Jimenez de Aréchaga Uruguaira. Bi mende luze pasatu diren arren, bere produktu kutunena izendatzean, ez zuen zalantzarik izan Gran Molino enpresa gaztagileko buru den Miguel Jimenez de Arechagak: Uruguaiko Salto departamentuan ekoizten duen ardi gaztak 'Aretxaga', izenaren euskarazko ortografiari eutsiz, behar zuen bataiatu. Arrazoia, xinplea oso: Amerikan jaiotako bederatzigarren belaunaldikoa bada ere, Miguelek oso argi dauka iturburu duen Aretxaga baserria Murgian dagoela, Araban. Eta jakitun da baita ere, XIX. mende hasieran Uruguaira iritsi zen Juan Guillermo Jimenez de Arechagak, Espainiako koroaren alde borrokatu ostean bizileku bat hautatzeko aukera eman ziotenean. "mundu berrira" bueltatzeko hautua egin zuela.
Berrehun urte pasa eta gero historiak bat egiten du orainarekin. Bide berriak irekitzeko asmoarekin 2013an Europako TGT gazta enpresarekin elkarte bat osatu zuen Gran Molino enpresa familiarrak eta merkatua ireki egin zitzaion. “Guk lurra eta kudeaketa jartzen ditugu. Haiek ezagutza eta komerzializatzeko aukerak”, azaltzen du enpresariak. “Elkartasun honen ondorioz, gure ekoizpèn osoa Estatu Batuetara, Errusia eta Japoniara esportatzen genuen".
'Normaltasun' berrian, merkatu berriak
Gaur egun, pandemiaren ondorioz esportazioak itxita, Uruguai bertako eta eskualdeko herrialdeetako merkatuetan topatu nahi du lekua enpresa uruguaitarrak bere ardi gazta saltzeko. “Helburua Argentina, Brasil, Txile eta Paraguain sartzea da. Erronka handia da, ardi gaztaren zaporea berez berria baita hemengo jende askorentzat. Baina gure leloari eutsiz, Europako ohiturak mundu berrian, oso baikorrak gara eta uste dugu harrera ona izango dutela gure produktuek”.
“Gure ardi gaztak Idiazabalen gaztaren antza dauka, batez ere erabiltzen dugun pastagatik”, azaldu digu Jimenez de Arechagak; eta bere historia Euskal Herriarekin are gehiago lotzeko jakinarazi digu "gauden lurrak, bizkaitar batenak izan zirela, garai batean Montevideo fundatu zuen Bruno Mauricio de Zabalarekin ibilitako Francisco de Alzaibarrenak hain zuzen".
Apustua eginda dago eta latitude hauetako ardi gazta-zaleok zain gaude Aretxaga gazta noiz dastatu ahal izango dugun. Ekoizlearen arabera, gainera, gaztaren prezioa, eta ez da hau garrantzi gutxiko datua, Europatik datorrena baino % 30-40 merkeagoa izango da, EuskalKultura.eus-i jakinarazi dionez.
-Gran Molino enpresaren webgunea, granmolino.com