euskal diaspora eta kultura
2011/07/30
PUBLIZITATEA
Buffalo, WY, Estatu Batuak. Urrun baitago Wyoming-eko Buffalo euskal zirkuitu nagusietatik --San Frantziskotik, esaterako, 2.000 kilometrora, autoz 20 bat ordutik gorako bidea, gelditu gabe egitekotan-- baina azken urteotan bertako euskal etxea, Big Horn Basque Club delakoa, merezimendu osoz ari da baieztatzen bere izena Estatu Batuetan geroari eutsi eta euskal iragan aberatsari segida ahalik eta jator eta duinena ematen saiatzen ari diren euskal elkarte eta euskal hitzorduen artean.
Aurtengoa prestatzeko, ahalegin handia egin du Buffalok, eta emaitzak ere agerian geratu dira: "bertan egindako euskal festarik errakastatsuena" izan dela esan dute bildutakoek aho batez, zeuden helburuak betez, esan nahi baita jendearen partaidetzak eta bertan bizi izandako giro eta animazioak bertaratutakoen gogoa hunkitu, piztu eta indarberritu dute.
Larunbat arratsaldez, festaren egoitza nagusia zen parkera sartzeko zeuden eskumuturrean ipintzeko 5.000 zerrendak agortu egin ziren eta sartzen zirenei eskuan euskal etxearen zigilua tintaz jarriz segitu behar izan zuten. Erreferentzia gisa, esan dezagun Buffalo herriburu duen Johnson konderri osoan bost mila bat jende bizi direla.
Ekitaldiak, baina, ostegun gauez hasi ziren, herria ikurriñez eskuzabalki jantzi ondoren asteburu osoa bertan pasatu behar zuen jendea iristen hasi zenean. Hona Buffaloko NABO 2011 euskal elkarretaratze eta festaren argazki-kronika.
[Osteguna, NABOren 2011ko Biltzar Nagusia hasteko bezpera. Herrira kanpotik iritsitako partaideak giroa ipintzen hasi dira etxe partikular eta kantinetan. Argazkian, kantinetan aritu ostean, kale nagusiko Espondatarren etxe atarian egindako euskal musika festa, jotzaile Xabier Aburruzaga eta bere lagun musikariak, eta dantzari bertako euskal-amerikarrak (argazkia EuskalKultura.com)]
[Buffalo, Wyoming. Bertako hotel batean egin zen NABOren 2011ko Biltzar Nagusia. Kanpoaldean ikurriña eta bandera estatubatuarra ikus zitezkeen (argazkia EuskalKultura.com)]
[NABO Ipar Ameriketako euskal elkarteen 2011ko biltzar nagusia Buffaloko Hampton Inn hotelean egin zen. Bildutakoek, besteak beste, Valerie (Etcharren) Arrechea sanfrantziskotarra berrautatu zuten NABOko lehendakari gisa. Irudian, NABOko euskal eskolen koordinatzailea, Izaskun Kortazar, ari zaie euskal etxeetako ordezkariei mintzatzen (argazkia EuskalKultura.com)]
[Honelako itxura agertzen zuen ostiral arratsaldez Buffalo herri erdiko parkeko euskal festaren gertalekuak, bertaratutako jendea ikuskizunei erreparatzen, enkarteetan parte hartzen, lehiaketen berri segitzen eta, bereziki, hainbaten kasuan, aspaldi ikusigabeak agurtzen eta aspaldiko parteko eta hurbilagoko kontu kontari. Bertaratutako euskaldunez gain, Buffaloko ekitaldiak andana handia amerikano ez-euskaldun ere bildu zuen, euskaldunen festa irekiak erakarrita (argazkia EuskalKultura.com)]
[Buffalon aspaldi ikusigabeak agurtzen eta lagun berriak egiten, batez ere Euskal Herrian herri edo eskualde beretsukoak izanagatik eta erreferentzia amankomun ugari izanik orain arte sekula elkarrekin topatu gabekoen kasuan. Irudian, ezker-eskuin, euskara jatorrean solasean, Prosper Etchemendy, Buffalon jaioa, arrantxari eta cow-boy euskalduna, jatorriz arnegitarra; erdian, Pettan Osinalde, jaiotzez lasarra, gaztetandik Kaliforniako Fresnon bizi dena; bonetaduna, Michel edo Mike Iriberry, Anhauze-koa, eta gaztetandik Buffalon bertan bizi dena (argazkia EuskalKultura.com)]
[Estatu Batu osotik Buffalora bildutako euskal elkarte eta taldeen artean, Seattle-ko Euskal Etxeko 'Euripean' dantza talde berria egon zen, Washington estatuko hiri horretako aita-ama eta haur multzo batek osatua, Jean Escoz, Toni Sabarots eta John Etulain buru. Publikoaren txalo eta esku-zarta beroak eurenganatu zituzten NABOn jendaurrean egindako lehenengo emanaldia izan zen honetan (argazkia EuskalKultura.com)]
[Oihartzun berezia izan zuen, eta Buffaloko euskaldunen eta bertara bildutako publikoaren komunitatearekiko elkartasunaren eta engaiamenduaren neurria eman zuen ekimenetako bat enkante bat izan zen, izan ere euskal artzainek mendian denbora luzeak pasatzeko bizileku gisa erabiltzen zituzten 'karrokanpo'en tamaina txikian egindako replika batzuk izan zirelarik enkantean jarritakoa, herriko artistek margo ederretan diseinu eta marrazki artistikoak heietan eginik. Argazkiak erakusten du enkanteko momentu bat, eta enkantean euskal kolore eta gaiez eginiko karrokanpoetako batzuk. Guztiak saldu ziren, eta horietako batzuk 4.000 dolarreko eskaintzaraino iritsi ziren (argazkia EuskalKultura.com)]
[Egin ziren lehiaketa eta txapelketen artean, bat gailenduko dugu. Hor irudian janari dastaketan ari diren bost pertsonok epaimahaia dira eta epaitzen ari direna tripota-lukainka-odolki-txorizo lehiaketara aurkeztutako aleak, guztiak han bertan, jendearen aurrean prestatuak. NABOk halakorik antolatzen zuen lehen aldia izan zen, eta arrakasta ikusita aurrerantzean urtero egitekotan dabiltza. San Frantzisko eta Seattle-ko ordezkariak izan ziren garaile tripota eta lukainka kategorietan. Epaimahaikide, ezker-eskuin, Benan Oregi (Gasteiz, EH), Bob Echeverria (Elko, Nevada), Ryan Fieldgrove (Buffalo, Wyoming), Manny Villanueva (Reno, Nevada) eta Jean-Pierre Elissetche (San Frantzisko, Kalifornia). On egin esan beharko dugu... (argazkia EuskalKultura.com)]
[Eta Oesteko euskal festa eta elkarretaratze askotan bezala, ezin falta hemen ere bertsolarien ekarpena. Kasu honetan, asteburu berean ziren Buffalokoak, Wyoming-en, eta Nevadako Renoko euskal festak. Etxe ondoan zeukatenez, San Frantziskoko Johnny Kurutxet eta Renoko Jesus Goñi Renon aritu ziren kantari, eta Wyoming bertako, baina hegoalderagoko Rock Springs-eko Martin Goikoetxea bildu zen Buffalora. Irudian, Martin Goikoetxea Buffalo kale nagusiko parkean kantari (argazkia EuskalKultura.com)]
[Eta tradizioak eta gazteak uztartuz, Boiseko 'Txantxangorriak' euskal musika eskolako haur eta ikasleak Buffaloraino heldu ziren, trikitixa, panderoa, txalaparta eta alboka bezalako instrumentuekin zer dakiten egiten erakusteko. Buffaloko zubi-ondoko parkera hurbildutakoek aukera izan zuten euren jardunaz goatzeko, tartean haize bortitzak piztu eta zerua ilundu bazen ere. Txantxangorriak, ordea, profesionalak dira eta gogor eta endo eutsi zioten emanaldiari, haizeak harrotutako hautsa momentu batzuetan erosoegia izan ez bazen ere (argazkia EuskalKultura.com)]
[Ostiralean parkeko ekitaldiak bukatzeko, erromeria heldu zen Utah-tik etorritako Jean Flesher eta bere bandaren eskutik. Utah-ko Salt Lake City-koa da Jean, eta Kaliforniako Fresno eta Bakersfield-etik etorri ziren bere lagun eta bandakide Jean-Pierre Etchechury, baterian, eta Pierre Ygoa, tronpetan; geroago iritsiko zen laugarrena, San Frantziskotik, Christian Iribarren txirulari eta teklatua. Eurak jotako euskal-amerikar aireekin egin zen euskal egunari amaiera ipini zion dantzaldia, nahi zuenak herriko kantinetan segitu ahal izan bazuen ere. Biharamunean, ordea, kabalkada edo desfileari ekin behar zitzaion goizeko hamarretan (argazkia EuskalKultura.com)]
(segitzeko: Oesteko kabalkada baxenabartarra Buffaloko kaleetan)
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus