Ayacucho, Argentina. Ayacuchon, urria arteak ospatzeari eskaini zaio. Hilean zehar, ekitaldi-programazio bat ari dira garatzen komunitatea hainbat adierazpen artistikoetara hurbiltea erraztearren, tartean dantza, pintura, musika, antzerki eta literatura. Udaleko Kultura Zuzendaritzak “Ayacucho Baila 2024” jaialdia antolatu zuen urriaren 5ean eta 6an, larunbat eta igandez, Kultura Etxean. Herriko hainbat taldek hartu zuten parte bi galetan, bhorien artean Odol Berria Dantza Taldea, Euskal Odola EEko dantzari talde kementsua.
Ayacuchoko Euskal Etxeko Odol Berria taldeak Immigranteen Jaian eskainitako emanaldia
Euskal Odolaren egoitzan irailaren 15ean antolatutako Immigranteen Jaian partaide izan ondoren, Odol Berriak bere debuta egin zuen udal gunean urriaren 6an, Makil Dantza eta Fandango eskainiz. Gogora dezagun EEak aurretik beste dantza talde batzuk izan baditu ere, egungo taldea duela urtebete pasatxo sortu zela, eta gaur 16 dantzari dituela, haur, gazte zein helduak, 3 eta 40 urte bitartekoak. Emanaldi bakoitzean, oholtzara igotzen dira Belen Zabaleta eta Clara Esteberena dantzari eta zuzendariekin batera. Udal aretoko emanaldiak ikusleen begikotasuna, miresmena eta txalo zaparrada piztu zituen.
Ez dira Euskal Aste Nazionalera joango
Argentinako euskal etxeetako dantza taldeen hitzordu nagusia izan arren, Odol Berria ezin izango da joan aurten Bahia Blancako Euskal Aste Nazionalean, horretarako baliabide ekonomikoak lortzea ezinezkoa izan baitzaio. “Baina datorren urtean partaide izango gara Tandilgo edizioan”, diosku, atsekabez eta, aldi berean, ilusioz eta komentzimenduz, Clara Esteberenak.
Afaria eta dantzaldia Euskal Odolan
Aipa daiteke, bestalde, datorren larunbatean, urriaren 19an, 21:30tan Euskal Etxearen egoitzan, afaria eta dantzaldia antolatu dituela Euskal Odolak. Menuari dagokionez, sarrera gisa, txorizoa zerbitzatuko da; plater nagusia, errekia entsaladekin; eta, postre, gozo mahai bat. Federico Taylor bertako DJak gaua musikatuko du, zalantzarik gabe, guztiak dantzan jarriz. Txartelak 17.000 pesotan salgai.
Zorionak Odol Berria, eta aurrera, eutsi goiari!