Rosario, Argentina. 'Eskorgako Euskalduna' ezizenarekin ezaguna den Guillermo Larreguiren istorioa kontatzen du 'Odaluza Vasca'k eta 'Teatrotren II' taldeak estreinatu du urri hasieran Argentinako Rosarion. Obrak, Larreguik 1935ean Patagonia puntako Santa Cruz probintzian hasi eta 20 mila kilometro baino gehiago oinez bere eskorga famatua eskuetan ibiltzera eraman zituen bidaiak hartu ditu ardatz. Gogora dezagun Iruñean jaioa zen Larreguik oinez eta eskorga bultzatuz egin zituela periploak, apustu baten ondorioz.
Mauricio Caturellik zuzendua eta Lilian Rudolf eta Vladimir Lasaga aktore, antzezlanak goraipatu nahi ditu “euskal jatorrizko morroi honen burugogorkeria, bidean sentitu zuen bakardadea, eta bakardade horrek inspiratu zizkion hausnarketa eta gutunak”.
‘Odaluza Vasca’ urriaren 5ean estreinatu zen eta larunbatero emango da Rosarion, azaroaren 9ra arte. Hitzordua gaueko 10etan da, hiriko La Escalera Antzokian, 9 de Julio kaleko 324an. Erreserbak 341 665-5199 zenbakian egin daitezke.
Antzezlana
Antzezlanak atzean bi urteko ikerkuntza daukala jakinarazi digute ‘Odaluza Vasca’ko arduradunek. Lilian Rudolf aktoreak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “Gure iturri nagusiak Txema Urrutiaren El vasco de la carretilla liburua eta Larregui beraren gutunak izan ziren. Eskorga bat ere birreraiki dugu, Lujango Museoan Larreguik utzi zuena erreplikatuz”.
Teatrotren II taldeko kideek ez dute, berez, harremanik ez Argentinako euskal gizaldearekin ezta Euskal Herriarekin ere. “Dokumental bati esker ezagutu genuen 'Eskorgako Euskalduna'ren istorioa eta harritu eta hunkitu gintuen. Bidaia horiek… bidean pairatu zuena eta erronkari nola egin zion aurre, "euskalduna zelako" lortuko zuelakoan… kontatzeko historia bat da…”, adierazi digu aktoreak.
Eta euskal gizataldearekin harremanik ez badute ere, bai badakite miresmena eta jakinmina sortzen dituela pertsonaiak, ez bakarrik baina bai bereziki euskal sustraiko lagunen artean. Eta ez dute baztertzen, proposamenak badituzte, 2020an bira bat antolatzea euskal etxeetan.