euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Obamarekin hitzaspertua egin zuen Rollins Stallworth gazte euskal-amerikarrak, Martin Camino arnegitarraren bilobak

2015/03/03

c
c

PUBLIZITATEA

Arnegitik Ameriketarako bidaia egin zuenean, Martin Caminok nekez imajinatuko zuen egun batean bere biloba batek aurrez aurre izango zuenik AEBetako presidentea eta berarekin hitzaspertu animatua egingo zuenik. Alta, horrela gertatu da. Caminoren eta haren emazte Florence Urrizagaren biloba, Rollins Stallworth, Stanford unibertsitateko ikaslea da eta iragan otsailaren 13an hautatua izan zen beste bederatzi ikaslerekin Obama presidentearekin bildu eta harekin solasaldia izateko.

Stanford, AEB. Iragan otsailaren 13an Obama presidente estatubatuarrak Stanford Unibertsitateko hamar ikaslek luzaron ahaztuko ez duten momentua eman zien. Etxe Zuriko apopiloak Unibertsitateak zibersegurtasunari buruzko ekitaldi batean hartu zuen parte Stanford-en eta bertako hamar ikasle hautatuak izan ziren Obamarekin bildu eta euren ikuspuntu eta galderak harekin solasean agertzeko. Zibersegurtasunari buruz galdezka hasi eta beste hamaika konturi buruz hizketan amaitu omen zuten, giro onean, Stanford Unibertsitateko aldizkariak aditzera eman duenez.

Ikasle horien artean euskal jatorridun gazte bat zegoen, Rollins Stallworth. Izena entzunda nekez asmatu badaiteke ere, Rollins euskal jatorriduna da. Bere aitona, amaren aldetik, Martin Camino arnegitarra da, eta amona Florence Urrizaga (Buffalon jaioa, baina gurasoak Arnegi-Ondarrolakoak). Martin eta Florence-n alaba, Marguerite, Rollins Stallworth II-ekin ezkondu zen. Renon bizi da bikotea eta hiru seme-alaba dituzte: Danielle (25), Rollins (21) eta Dominique (13).

Rollins Stallworth III Enpresa Zuzendaritza eta Ingenieritza ikasten ari da Stanford Unibertsitate ospetsuan eta bertako amerikar futbol taldeko jokalaria da. Azpimarratzekoa da AEBetan unibertsitateko futbol ligaren maila oso altua dela, eta liga profesionalaren aurreko pausoa izan ohi dela. Rollins ibilbide polita egiten ari da kirol honetan (hona bere futbolari fitxa eta estadistikak).

Gaztearen ama, Marguerite, euskalduna da eta Rollins bere buruaz dio "erdi euskalduna, erdi beltza" dela. Stanforden beste euskaldunen faltarik ez du izango, euskal jatorriduna delako ere hango zuzendaria (provost), John Etchemendy, eta baita ikasle ohi ezagun bat, John Arrillaga, Kaliforniako gizonik aberatsenetakoa bera. Etxepare Institutuak, gainera, Euskara eta Euskal Kultura irakurletza izan zuen bertan 2013a arte.

Stanford Unibertsitateak artikulu bat argitaratua du Obamaren bisitaz eta ikasle gazte hauetaz, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia