Carson City, AEB. Apala da zinemaldia eta helburua anbiziotsua du: antolatzaileek munduko kulturen aberastasuna ekarri nahi dute herrira, Bellegrey-k berak dionez. Horregatik, filmekin batera, jatorri duten herrietako jatekoak, musika eta argazkiak eskainiko dizkiete jaialdira hurbiltzen direnei. Horrez gain, emanaldi bakoitzaren hasieran eta bukaeran, eztabaidarako tartea ere irekiko dute.
Aurten, Bernardo Atxaga idazle euskalduna gonbidatu nahi izan dute ‘Obaba’ filmari buruz hitz egiteko. ‘Obabakoak’ eleberriaren egileak, “pena handiz” baina, bertaratu ezin izango dela adierazi du. “Oso esker onez jaso zuen gonbita, baina ulertzen dugu bidaia luzea dela beretzat”, azaldu du ordezkariak.
Otsailaren 5ean, Berlinen saritua eta Sundance festibalean izendatua izan zen Zeelanda Berriko ‘Boy’ pelikula emango dute. 1984. urtean girotua, hamaika urteko ume baten eta bere aitaren arteko erlazioaz dihardu filmak. Hurrengo egunean, ‘Himalaya’ ikusteko aukera izango dute jaialdira hurbiltzen direnak. Oscar sarietarako hautatua izan den inoizko lehenengo filma nepaldar honek 5.000 metroko altitudean bizi diren dolpatarren eguneroko gora-beherak erakusten ditu.
Festibalari agurra emateko ‘Obaba’ pantailaratuko dute larunbatean. Eta horren aurretik, Carson City-n bertan Villa Basque Deli jatetxeko jabea den Pete Coscarart-ek egindako pintxoekin gozatu ahal izango dute zinemazaleek.
Pelikula guztiak arratsaldeko 19:00etan ikusi ahal izango dira, hiriko Community Center-ean.
Zinema independentea
Aurten, lehen aldiz, pelikula independenteak ere emango dituzte festibalean. Ostegun eta ostiralean, Western Nevada College-ko Marlette Hall aretoan izango dira ikusgai, arratsaldeko 15:00etan, gerora, Community Center-era joan ahal izateko.
Otsailaren 5ean bi film labur emango dituzte: Kari Barber-en ‘Baking Alaska’ eta Gabriel Lopez-Shaw-ren ‘Great Basin pipemakers’. Lehenengo dokumentalak Oklahomatik Alaskara joandako bi ahizpen historia kontatzen du, hara joan eta okindegi bat zabaltzea erabaki zutenak. Bigarren filmean, ordea, Paiute tribuko pipa-egileak ikasleari eskulangintza nola irakasten dion ikusi ahal da.
Film independente bakarra ikusi ahal izango da ostiralean: ‘Rocking at the Red Dog’, rock psikodelikoaren inguruko ordu eta erdiko dokumentala, Mary Works-ek zuzendua.
Programazioa
Marlette Hall, Western Nevada College (arratsaleko 15:00etan):
Otsailak 5, osteguna: ‘Baking Alaska’ eta ‘Great Basin pipemakers’
Otsailak 6, ostirala: ‘Rocking at the Red Dog’
Carson City Community Centre (arratsaleko 19:00etan):
Otsailak 5, osteguna: ‘Boy’
Otsailak 6, ostirala: ‘Himalaya’
Otsailak 7, larunbata: ‘Obaba’
*Ekitaldi guztiak dira doakoak
Informazio gehiago jaialdiaren web orrian eta Facebook-eko orrialdean topa dezakezu.