Joan den igandean eman zuen Brooklyn-go Our Lady of Refuge elizan emanaldia organo jotzaile oriotarrak. Bertako laurogei urteko organoaren konponketak ospatzeko –eta, bide batez, diruz laguntzeko− bederatzi kontzertuetako azken aurrekoa izan zen berea eta “esperientzia izugarria” izan zela adierazi dio EuskalKultura.com-i. “Etxean bezala sentiarazi naute, beteta zegoen eliza eta itzultzeko eskatu didate. Oso pozik nago”, esan du.
New York, AEB. Laurogei urte izanagatik ere, hamarkadetan zehar melodiarik atera gabe egon zen Brooklyngo Our Lady of Refuge elizako organoa, hautsak eta hezetasunak eragindako korrosiopean. Esfortzu eta diru handia behar izan dute organoa zaharberritzeko, baina merezi izan du ahaleginak. “Lan ikaragarria egin dute”, adierazi du Aramendik. “Oso instrumentu polita da, kolore pilo bat ditu bere soinuak, erregistro desberdin ugari ematen dizkizu eta edozer jo dezakezu bertan, barrokoa, erromantikoa, modernoa…”.
Igandeko zuzenekoan, baina, erromantikorantz jo zuen oriotarrak, “oso soinu ona egiten duelako bertako organoan”. Franz Liszt eta Johannes Brahms-en piezak eskaini zituen baina bai eta Charles Tournemire eta Johan Sebastian Bach-enak ere: “Nik aukeratu nituen lanak, gustatzen zaizkidalako eta, nahiz eta jotzen zailak izan, jendeak gozatzeko modukoak direlako”. ‘Funérailles’, ‘O Mensch, bewein dein Sünde gross, BWV 622’, ‘Fantasie et fugue sur le choral ‘Ad nos, ad salutarem undam’’, ‘O Welt, ich muss dich lassen’, ‘Cinq Improvisations pour Orgue’… Musikaren historiari begirada ederra eman zion organo joleak.
“Esperientzia izugarria izan da. Etxean bezala sentiarazi naute, beteta zegoen eliza eta itzultzeko eskatu didate”, aitortu du Aramendik. Elizako organo programaren arduraduna den Joe Vitacco eta Aita Perry bertako abadearen eskuzabaltasuna ere azpimarratu ditu oriotarrak. “Oso pozik nago, gainera, organo asko bisitatu ahal izan ditut. Sentsazio ederrarekin noa etxera, hemengo zatitxo bat bihotzean daramadala”.
Donostiako organoa
Donostiako Koruko Andra Mari Basilikako organo-jotzaile nagusia da Aramendi. 1863an eraikitako Cavaillé-Collen artelan ederra dute bertan baina “hainbat konponketa” behar dituela gogorarazi du oriotarrak eta, horretarako lanean ari den elkarteak 600.000 euro inguru beharko dituztela esan du. “Prozesua lehen urratsetan dago, denbora eta diru asko behar delako eta nork eta nola zaharberritu dezakeen ondo begiratu behar delako. Laguntza handia beharko da”.
Horrexegatik ere, New Yorkeko kontzertuaren aurretik, Donostiako organoaren inguruko hitzaldia eman zuen Dominique Perarnaud-ek, Aramendiren senarrak. “Garrantzitsua da denon artean lan egitea, sare bat sortzea. Jendea ezagutu behar da eta jendeak organoa ezagutu, esperientziak elkarrekin trukatu ahal izateko”, bukatu du musikariak, New Yorkeko bisitaren azken orduak profitatzen ari zela.