euskal diaspora eta kultura
2013/10/30
PUBLIZITATEA
New York, Estatu Batuak. Bertan ikusle eta arizale izandako batzuen esanetan, ez da erraz argazkiek islatzea Manhattan aurrean euskal dantza eta kantu saio honentzat agertoki hautatutako honek bertan zeudenei transmititutako sentsazio eta sentipena. Ez dakigu hala den ala ez, baina bertaratzeko aukera izan ez zutenek bertako berri ahalik eta gertuen eskura dezaten bildu dugu hona argazki selekzio hau. Behar dugu esan, Eusko Etxearen egoitzatik hogei bat minutuko distantzian dagoela, oinez, larunbat arratsaldeko emanaldiak egiteko hautatutako East River State Park delako hau. Egitaraua segitzen ari zen hainbat jendek oinez egin zuen, beraz, bidea, solasean Estatu Batuetako zenbait lekuetatik, New York beretik eta Euskal Herritik etorritako hurbileneko gonbidatuekin.
Larunbatean, urriaren 12an kokatu gara, beraz. Hirurak aurretik abiatzen da jende multzo handiena oinez East River State Park-era. Egitarauak 3:15pm-etan markatzen du euskal funtzio honen hitzordua, kantua eta dantza protagonista. Kantu atalean, Bilbotik propio bidaiatutako Iralabarriko San Antonio abesbatza arituko da. Dantza alorrean, ostera, Utah-ko Triskalariak dantza taldea, NABOko dantza taldeen izenean, eta Euskaditik, Andoaingo Urki dantza taldea. Hiru taldeetako bakoitzak ordaindu du hemen partaide izateko bere bidaia eta nabari da gogo handiz ari direla bizitzen momentua, ez bakarrik gehienentzat (bai Europako zein Estatu Batuetakoentzat) euren lehen aldia delako New Yorken, baizik eta jakitun direlako Estatu Batuetako euskal etxerik zaharrenaren mendeurrena une historikoa dela AEBetako, Diasporako eta oro har Euskal Herri zabalaren partaide diren guztientzat.
[Euskal dantza emanaldia Brooklyngo East River State Park-en Manhattango etxeorratzen ziluetak gibelean daudela. Irudiaren behealdean bizkarra emanez lehendakaria eta bere emaztea, eta Marian Elorza Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia. Ezkerrean, atzealdean, ikurrinari eusten diote Utah-ko Triskariak dantza taldeko zenbait kidek eta ondoan Urki taldearen izena daraman beste pankarta bat Andoaingo izen horretako dantza taldekoek. Guztiaren lekuko eta zaindari, New Yorkeko etxeorratzak, zelatan (argazkia EuskalKultura.com)]
[Bilboko Iralabarriko San Antonio abesbatzako kideak gogo handiz eta bildutakoen txalo beroak bilduz kantatu zituzten euskal errepertorioko zenbait kantu, baita tartean beste kultura batzuetakoak ere. Euskal kantuaren enbaxadari fin izan ziren (argazkia EuskalKultura.com)]
[Salt Lake City-ko Triskalariak taldeko dantzarien txanda. Eurak ekarri zuten New Yorkera NABOko kide diren gainerako euskal etxeetako dantza taldeen lekukoa Etxeorratzen Hiriko Eusko Etxearen Mendeurreneko ekitaldi hauetan (argazkia EuskalKultura.com)]
[East River estatu-parkeko erakustaldiak, baina oro har Mendeurreneko ospakizunak ere, eguraldia lagun egin ziren. Larunbat arratsaldeko eguzkiak auzokoak ere bultzatu zituen kalera, eta horien artean egon zen baita ere inguruan bizi den euskaldunik baina momentu horretaraino euskal ospakizunen berri ez zuenik. Euskal egitaraupeko eguna Eusko Etxean bukatu zen, bertan afari bat zerbitzatu baitzen, euskaldunen artean askotan suertatzen den legez kantu herrikoiek eta trikitijole batek edertua (argazkia EuskalKultura.com)]
[Hala erabaki zutenentzat, igandea meza batez hasi zen Bosgarren Hiribideko St Patrick katedralean, New Yorkeko elizbarrutiko Timothy Dolan kardinalak emana Josu Iriondo bertako apezpiku laguntzailea lagun. Partaideen artean, leku bereizitua gorde zen Eusko Jaurlaritzako ordezkarientzat Urkullu lehendakaria buru. Lehenengo hitzak kardinalak ingelesez egin ondoren, Iriondo apezpikuari utzi zion Dolan-ek txanda, lehendakariari eta euskal ordezkariei harrera euren hizkuntzan emateko. Ongi etorri eta agiantza oneko hitz politak esan zituen Josu Iriondok euskaraz jendez mukurru zegoen Saint Patrick katedralean (argazkia EuskalKultura.com)]
[Josu Iriondo apezpikuak apaiz taldetxo bat zeukan atzealdean eserita, horien artean irudian lehena eskuinean, bere sorterritik etorria, aita Victoriano Etxabe, Legazpiko erretorea, Iriondok propio gonbidatua bertara. New Yorkeko elizbarrutiak lehenengo 'euskal apezpiku' bat izan zuen 1977tik 2001 bitartean, aita Patxi Garmendia lazkaotarra; ondoren, eta hari ordea hartuta-edo, Josu Iriondo izendatu zuen Aita Santuak hiriko apezpiku laguntzaile. Aurten urte amaieran da erretreta hartzekoa Josu Iriondo (argazkia EuskalKultura.com)]
[Predikua aldaretik batetik bestera mugitzen eman zuen Dolan kardinalak, Josu Iriondo eta gainerako apezak, eta meza bertatik bertara eta jende askok baita telebista pantailetatik ere arretaz segitzen zutela. Dolan eta Iriondo ikusle izango ziren astelehenean Columbus Day-ko kabalkadan katedraleko ataritik, eta euskaldunen partaidetza, bere dantzari, musikari, banderari, kantari eta komunitateko gainerako kideekin aurretik pasa zenean, errepideraino hurbildu ziren, Iriondok euskaldunetako askori eskua eta besarkadak emanez eta haiekin argazkietan agertuz. Apezpiku euskaldunak Urkullu errezibitu zuen igandean katedralean prentsarik onartu ez zuen bisita pribatuan (argazkia EuskalKultura.com)]
[Katedraleko meza nagusiaren ondoren, kontzertua eskaini zuen bertatik hurbil den Holy Family edo Familia Santuaren elizan Bilboko Iralabarriko San Antonio abesbatzak, Maite Zugaza zuzendari. Lehendakaria eta euskal ordezkaritza ofiziala osatzen zuten kideak lehenengo aulkietan ian zuten eserlekuan. Bilboko kantariak, euskal arropa tradizionalez jantzita, bildutakoen esku-zarta eta txalo ugari eurenganatu zuten, zenbaiti nigar tantaren bat ere sortarazi zion emanaldi hunkigarria emanez, indar eta sentimentu handiz kantatutako kantuez (argazkia EuskalKultura.com)]
[Eskainitako errepertorioa, zer esanik ez, euskal kantu zahar eta berriz osatua zegoen gehienbat, folklorea eta elizkanta esanguratsuak. Izan ere, New Yorkerako bidaia honekin, korala bere hamabosgarren urteurrena ari zen ospatzen, eta zer modu hoberik NYeko Eusko Etxeko kide eta lagunekin partekatzea haien Mendeurreneko ekitaldietara bilduz! Kantatutakoen artean, Agur Jaunak Agur Jaunak, Euskal Herriko semeak gera, Txoriak txori, Aita Gurea... guztiek oihartzun eta izaera berezia hartzen zuten Euskaditik milaka kilometrotara kantaturik, honelako testuinguruan (argazkia EuskalKultura.com)]
[Mikel Laboaren 'Baga, Biga, Higa'ren interpretazio indartsu batek itxi zuen kontzertua, euskara ozen aireratuz eta zirrara eraginez bat baino gehiagori. Publikoa txaloka zutitu zen, zorion biziak emanez koraleko kideei, tartean Urkullu lehendakaria bera zegoela eta atzeragotik jendartean Ibarretxe lehendakari ohia ere. Irudian, eskuineko jarlekuetan, Urkullu eta Jaurlaritzako ordezkaritza, erdian lerro berean ator txuriz Maite Zugaza koraleko zuzendaria eta, ezkerreko eserlekuetan, New Yorkeko eta NABOko euskal etxeetako zenbait ordezkari eta Etxepare Institutuko Aizpea Goenaga eta Marijose Olaziregi. Eskuinean atzerago zegoen Ibarretxe, Agirre Lehendakaria Fundazioko Amaia Agirrerekin (argazkia EuskalKultura.com)]
[Kanpoaldean, segidan, Dag Hammarskjold plazan, Nazio Batuetatik gertu, Utah-ko Triskalariak eta Andoaingo Urki dantza taldeek emandako erakustaldi batek kolorez eta erritmoz jantzi zuen New Yorkeko kalea. Irudiak Oñatiko Corpus eguneko dantzen momentua erakusten du (Estatu Batuetan, udaro, bertakotuta, Boisen dantzatzen diren dantzak dira honakoak). Hau igande arratsaldeko lehenengo orduan ari zen gertatzen, geroago seietan Bosgarren Hiribidea eta 28. kaleko areto batean izango zen Mendeurreko Galarako azken txanpa hartu aurretik (argazkia EuskalKultura.com)].
[Ohorezko aurreskua New Yorkeko Eusko Etxeari Estatu Batuetako beste puntatik etorritako Utah-ko Triskalariak dantza taldeko Cirbie Lee Sangroniz eta Marcel Gaztambide dantzariek emana (argazkia EuskalKultura.com)]
[Bera ere Utah-ko Triskalariak taldeko partaide, amaren aldeko arbasoak Baxenabarreko Ezterenzubikoak dituen Carina Barajas Godalet dantzaren une gorenean agertzen da irudian, bi oinak basoaren gainean, ardo tanta bat isuri gabe. Biba zu, Carina! (argazkia EuskalKultura.com)]
[Eta dantza erakustaldiaren ondotik, dantzan partaide izateko momentua. Plazan zeudenak --hala nahi zutenak-- oro 'mutxikoak' dantzatzera gonbidatu zituzten musikariek (argazkia EuskalKultura.com)]
[Irudian erdian lehenengo planoan dantzari, Urki taldeko bi dantzariren artean gona gorribeltzez, Salt Lake City-ko Antonia Lee Sangroniz, Utah-ra emigratu zuten Gernikako Jaime eta Madalena (Zatica) Sangroniz-en biloba. Antonia, bere ahizpa, gurasoak eta familia 'Basque Club of Utah'ko partaide dira, mormoien estatua gisa ezagutua den horretan euskal kulturaren eta euskaldunen suzia bizi-bizia atxikitzen duen euskal elkartea. Ez zuten New Yorkeko Mendeurrena batere galdu nahi izan, Estatu Batuetako euskaldunen historiaren egungo lekukoaren eramaile baitira eurak (argazkia EuskalKultura.com)]
[Euskal festak, biltzea, partaide izatea eta elkarrekin aritu edo ekitea bultzatzen duenean hartzen du zentzurik handiena. New Yorkeko kaleetan ere, giroa sortzea eta euren festa munduari zabalik ospatu eta konpartitzea lortu zuten euskaldunek. Zentzua eman zioten, seguruenik, inguruan direen Nazio Batuen sorrera eragin zuen asmoari (argazkia EuskalKultura.com)]
[Kalejira txalotu zuenetako bat Urkullu lehendakaria izan zen. Dantza erakustaldia bukatuta, New Yorkeko euskaldun batzuk lehendakaria agurtzera hurreratu ziren, tartean irudian Urkullurekin agertzen den --Asier Vallejo Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Komunitatearentzako zuzendaria begira-- Sabino Olabarriaga, urte asko New Yorken bizi izan ondoren egun, erretreta hartuta, atzera egin duena EHra, Gernikara, urtero bere bigarren hiri edo lekua den honetara itzultzen bada ere (argazkia EuskalKultura.com)]
[Besarkada bero eta oso estu eta hunkigarri bat eman zioten baita ere elkarri Ibarretxe lehendakari ohiak eta Mary Gaztambide NABOko lehendakariordeak. Instituzionaltasun guztietatik kanpo, lagun bezala agurtu zuten elkar, Estatu Batuetan guraso euskaldunen alaba jaiotako Mary-k, egun bera ere --bertan dantzari zeuden-- seme-alaba eta biloba euskal-amerikarren amona, eta Juan Jose Ibarretxe, aste osoan Mendeurreneko saio akademiko, mintegi eta ospakizunetako lekuko eta partaide izan zena, dagoeneko politikaren lehenengo lerrotik aldendua (argazkia EuskalKultura.com)]
Segituko du
Ikusgarria dantzariak Manhattan atzean dutela ikustea. ETBn ikusi nuenean erakarri eta gaur berriz ere argazkitan gozatu ahal izan dudana. Egia esan, jai hori, gozatzeko jaia zen!!! Mezetan ere euskaraz entzutea, polita, ongietorria jasoz Jainkoaren izenean bildutakoan. Eta UTAHkoen ekimena (baita hemendik haien patrikatik ordainduta joandakoena ere)suspergarria. Zorionak berriz ere! Eta ez nadin esaten aspertu urte amaiera arte! Zorionak denei!
MariJoxe, 2013/10/30 22:19
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus