euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NYeko Eusko Etxearen Mendeurrena: kabalkadan, 5. Hiribidean zehar, argazki kronika (II)

2013/10/17

Zahar eta gazte, dantzari, kantari, euskal etxe eta ordezkari, eta baita familia osoak ere kolorez eta bizitasunez bustu zuten kabalkadako euskal partaidetza (argazkia EuskalKultura.com)
Zahar eta gazte, dantzari, kantari, euskal etxe eta ordezkari, eta baita familia osoak ere kolorez eta bizitasunez bustu zuten kabalkadako euskal partaidetza (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

New Yorkeko Eusko Etxearen Mendeurrenaz hasia dugun argazki-kronikarekin jarraituz, joan den astelehenean, urriaren 14an, Bosgarren Hiribidean zehar euskaldunak partaide egin zen kabalkadari buruzko bigarren partearekin gatoz. Euskal zatiko partaide izan ziren: NYeko euskal etxeko kideak, Eusko Jaurlaritza, NABOko kideak, beste zenbait lekutatik etorritako euskaldunak --hala nola Quebec, Uruguai eta Paris-- eta Euskal Herrikoak, baita dantzari, musikari eta kantariak ere, ozeanoz bi aldeetakoak. Taldea St Patrick katedral aurretik igarotakoan, Josu Iriondo apezpikua atera zitzaien errezibitzera, Timothy Dolan hiriko kardinalarekin. Horren eta guztiaren irudiak, jarraian.

New York, Estatu Batuak. Isla eta benekotasuna izan daitezke iragan astelehenean New Yorkeko Columbus Day-ko kabalkada edo paradan Bosgarren Hiribidean parte hartu zuen euskal ordezkaritzaren ezaugarri. Parte hartu zutenak, hein handi batean modu inprobisatuan egin zuten, bakoitzak zekienarekin, dantzan, kantuz, jotzen, kalejiran edo, besterik gabe, ibiltzen, pankarta edo ikurrina eskuetan. Guztiak bat ziren, eta ikurrinaren eta euskal nortasunaren koloreak nahi zizkieten euren bihotzetatik helarazi bertan ikusle zirenei, eta lortu zuten, lortu ere, jaso zituzten txaloak lekuko.

Isla eta benetakotasuna diogu, ongi pasatu baitzuten kabalkadako partaide izanik, kantan eta dantzan, eta euren ongi pasatze eta poztasun hori ederki islatu baitzuten, euskal lekukotasuna emanez munduan jatorri guztietako biztanleen bizileku den New York metropoli handian. Begibistako suertatu zen hori, datozen irudiek agertzen dutenez.

2013 NY mendeurrena kabalkada 020

[Boisen San Inazio jaian erabiltzen dituzten Oñatiko Corpus eguneko jantziekin, dantzariak, kantariak, musikariak eta euskal partaidetzako gainerako kideak euskal ordezkari eta enbaxadari izan ziren New Yorkeko Columbus Day-ko kabalkadan (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 22

[Ibilbidea Bosgarren Hiribideko Saint Patrick katedralera heldu zenean, bertan zain zeuden New Yorkeko kardinal Tomothy Dolan eta apezpiku Josu Iriondo euren ohorezko eserlekuetatik errepideraino iritsi ziren. Josu Iriondok abegikortasun handiz errezibitu zituen partaide euskaldunak, euren eskuak gogor estutuz. Irudian Eusko Etxeko Iker Goñirena ari da estutzen, eliz ataritik errepideraino salto batean iritsita (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 21

[New Yorkeko kardinala eta Bronx-en haren apezpiku laguntzaile den Josu Iriondo legazpiarra kabalkadako euskal partaideak agurtzen. Egur tailatuzko ohorezko eserleku sendoetatik ari ziren segitzen kabalkada elizgizonok, euskaldunak agurtzera atera zirenean, telebistak eta komunikabideak euren atzetik, nortzuk ziren galdetuz, keinu berezi hori merezi izandako horiek (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 23

[Ezin abegikorrago jokatuz, irriz eta familia girokoa baino ezin kalifika daitekeen umore eta aurpegi onez agurtu zituzten Josu Iriondo apezpikuak eta harekin Dolan kardinalak kabalkadako partaide ziren euskaldunak (argazki EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 24

[Argazkietarako ere, ikurrina alboan, jarri ziren, euskal 'troupe'koak kardinala eta apezpikuarekin. Ikus apeza ere argazkia ateratzen (irudia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 25

[Agur eta besarkada beroak. Irudian, Asier Vallejo Itsaso, Eusko Jaurlariotzako Kanpoko Komunitatearentzako zuzendari eta kabalkadako partaidea, Josu Iriondo besarkatzen (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 27

[Dolan kardinalak azaldu behar izan zien bere ondokoei, asteburuan New Yorkeko Eusko Etxearen Mendeurrena zela-eta, hiriko euskaldunak festa ospatzen ari zirela eta, izan ere, berak larunbatean eman zuen mezan Eusko Jaurlaritzako Urkullu lehendakaria present egon zela, eta harentzat eta bertaratutako euskaldunentzat hitz batzuk esan zituela mezan euren hizkuntzan Iriondo bere laguntzaileak (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 26

[Bi elizgizonen agurren artean berrabiatu ziren kabalkadako partaide euskaldunak, ibilbideari berreusteko. Eskuinean, Aitzol Azurtza, New Yorkeko Eusko Etxeko lehendakaria (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 29

[Apezak agurtu ostean, bideari segituz, Bilboko Iralabarriko abesbatzako kideak ikusten ditugu irudian, Athletic-en armarria zeraman ikurrina eta guzti (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 28

[Taldea, Central Park parera iritsita, bertako euskaldunen bi bandera direnekin, New Yorkeko Guggenheim ama-museoa ere urrun ez dela (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 30

[Ikurrin dantza, euskaldunen bandera Central Park ondoan lau haizeetara aireratuz, ikusleen begirada eta txalo artean, txalotzaileetako bat kabalkadako parte zen Adelaide Daraspe Quebec-en bizi den urruñarra, bere orrazkera bitxia buruan, 'Zortzi' ikuskizuneko parte gisa Pavia artista hendaiarrak, euskal inauteetako joaldunen kapelak inspirazio hartuta egin ziona (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 32

[Central Park-etik aurrera, hirian jaiotako euskal gazte batek zeraman ikurriña (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 31

[Eta euskal taldeburuko pankarta, eskerraldetik New Yorkeko euskal komunitateko bi belaunaldi diren Abio aita-alabek eramana (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 33

[Amaiera aldean, txaloak elkarri eta ongi egindako lanaren sentipena (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 34

[Talde-lana, auzolana, aurretik ezagutzen zuten partaideek, eta bertan ezagutu zutenek elkarrekin burutua (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena kabalkada 35

[Merezitako esku-zartak, eguraldia lagun gauzatutako ekitaldian, oinak nekatuta, umore ona eta poza soinak emandako seinale nabariena. Mendeurreneko kabalkada New Yorken duintasunez amaitua, apal baina hor, euskaldunen izatearen lekukotasuna ematen (argazkia EuskalKultura.com)]

NYeko kronikak segituko du



Komentarioak

  • MariJoxe-ri

    Mila esker, MariJoxe, eskertzen ditugu zure hitzak.

    EuskalKultura.com, 2013/10/17 21:06

  • Nire eskerrik hunkigarriena kronika honeen egileei

    Argazki polit koloretsuak ari zatzaizkiguzue erakusten, azalpen mordoekin, jendearen izenekin, jaiaren entzutea, garrantzia, parte-hartzea, esangura eta jaiko alaitasuna, euskaldun izatearen ospaketa, gauzak ondo eta finki egin nahia... hau dena zabaldu eta helerazi nahi izan eta egiteagatik. Eskerrik asko, EuskalKultura.com-ekoei.

    MariJoxe, 2013/10/17 15:06

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia