euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NYeko Eusko Etxearen Mendeurrena: EHMG mintegiaren amaiera, Urkullu NABO bileran, irudiak (III)

2013/10/18

EHMG mintegiaren bigarren eguna, NYeko Eusko Etxearen egoitzan. Mahaiean, moderatzaile, William Douglass, eta bere ondoan, hizlari, Anna Mari Aguirre, "hiru Aguirre belaunaldi euskal-newyorktar" mintzagai hartzeko (argazkia EuskalKultura.com)
EHMG mintegiaren bigarren eguna, NYeko Eusko Etxearen egoitzan. Mahaiean, moderatzaile, William Douglass, eta bere ondoan, hizlari, Anna Mari Aguirre, "hiru Aguirre belaunaldi euskal-newyorktar" mintzagai hartzeko (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Joan den ostiralean New Yorkeko Eusko Etxearen Mendeurreneko ospakizun programak egun horretarako markatzen zuena iragarriz utzi genuen geure kronika, esan nahi baita ostegunean Euskal Herria Mugaz Gaindi (EHMG) diasporari buruzko mintegiaren azken egunarekin eta larunbatean ere Eusko Etxean egin zen NABOren neguko bilerarekin. Azken hau Urkullu lehendakariaren bisitarekin itxi zen bazkalostean. Argazki-kronika (III).

New York, Estatu Batuak. Gauza asko gertatzen New Yorken, bata bestearen atzetik, egitarau estu eta trinko batean, eta EuskalKultura.com-en konpromiso eta engaiamendua horien berri ahal eta txukun eta taxutuen emateko. Borondate horretan, iritsiko gara guztira, dakigun hobekien. 

Atzera eginez, iragan ostiralean gaude, urriaren 11ean. Urkullu lehendakaria iritsi berria da New Yorkera Wisconsindik. Goizean, programak bisita markatzen dio, zenbait aditurekin biltzeko, Bakea eta Bizikidetza Plana hizpide. Baita bilkura bat ere Solomon Guggenheim Fundazioarekin, Euskaditik, Jose Luis Bilbao Bizkaiko aldun nagusia eta Juan Ignacio Vidarte Guggenheim-Bilbao Museoko zuzendaria ere partaide. Bilerara jarrera bateratua eramango dute euskal instituzioek, 2014ko abenduan amaituko den hitzarmena berritzea aztertzen den honetan.

[Urkullu lehendakariaren prentsaurrea adituekin bildu ondoren, Bake eta Bizikidetza Plana hizpide (bideoa Irekia)

2013 NY guggenheim bilera

[Bilkura Solomon Guggenheim Fundazioko kideekin, eta ondoko agerpena, Jose Luis Bilbao Bizkaiko aldun nagusiarekin. Luzerako akordioa bideratu nahi dute euskal erakundeek, hamar urterako-edo (argazkia Irekia)]

[Solomon Guggenheim Fundazioko arduradunekin bildu ondoko agerpenaren bideoa (irudia Irekia)]

Gertalekua aldatuz, ostirala izan zen EHMG mintegiaren bigarren eta azken eguna. Osteguneko saioak Columbus Unibertsitatean egin baziren, ostiralekoak Eusko Etxearen egoitzara pasatu dira, lehenengo solairuko ekitaldi-aretora (bertako zenbatzeko moduan, berriz, bigarren solairuan, AEBetan zero solairutik hasten baitira kontatzen eta beheko solairuari lehenengo deitzen baitiote). Hizlarien aurkezpenak eta saioak koordinatzea William Douglass irakasle nevadatarraren esku da, mundu mailan euskal diaspora eta euskal ikasketen alorrean erreferentzia eta aitaponteko den aditua.

2013 NY mendeurrena EE 02

[William Douglass-ek (ezkerrean) argitzen du hizlarietako batek, Pedro J. Oiarzabalek, ezin izango duela agertu. Ondoren, sarrera orokor bat egin eta bere ondoan den Anna Mari Aguirreri emango dio hitza. New Yorken jaioa, bere familia hartuko du Anna Marik hizpide, "New Yorkeko hiru belaunaldi euskaldun" izenburupean (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 03

 [Arratsaldeko bigarren hizlaria, Argitxu Camus-Etchecopar izan zen, NABO Ipar Ameriketako euskal erakundeak biltzen dituen konfederazioa (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 04

 [EHMG mintegiko bigarren eguneko azken saioa Joseba Etxarri EuskalKultura.com-eko zuzendariaren eskutik etorri zen. New Yorkeko Eusko Etxetik Estatu Batuetako gainerako euskal komunitate eta elkarteetara egin zuen jauzi Etxarrik, azken 26 urteetan Estatu Batuetako euskal giroetan berak ateratako argazki selekzio baten laguntzaz (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 05

 [Ekitaldiaren ondoren, Uruguaitik newyorkeratutako Juan Pedro Arin Montevideoko Euskaro euskal etxeko lehendakariak (bere euskal etxeak duela pare bat urte ospatu zuen mendeurrena) opari bat ekarri zion New Yorkeko Eusko Etxeko lehendakari Aitzol Azurtzari (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 06

 [Eta gaueko ekitaldieki bidea zabalduz, ilundutakoan, zortziak joak zirela, Kalakan hirukoteak kontzertua eman zuen Eusko Etxeko areto nagusian, bildutako zale eta bertan zaletutakoen esku-zarta eta txalo biziak eraginez (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 07

 [Biharamunean, larunbata, goizeko zortzietan hasi zen Eusko Etxearen egoitzan bertan, Ipar Ameriketako euskal etxeak biltzen dituen NABO erakundearen Neguko Bilkura, elkarteko lehendakari Valerie Etcharren Arrechea sanfrantziskotarra buru (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 08

 [Bilkurako mahaian, Marisa Espinal NABOko idazkaria, Valerie Arrechea NABOko lehendakaria eta Mary Gaztambide lehendakariordea; mikrofonoan, New Yorkeko Eusko Etxeko idazkari Iker Goñi (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 09

 [Aretoaren ikuspegi zabalago bat, Estatu Batuetako eta Kanadako euskal etxeen ordezkariekin; mahaiburuan, bildutakoei hizketan, besoa zabalik, Valerie Arrechea NABOko presidentea (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 10

 [Gaietan sartuta, hainbat jendek hartu zuen hitza. Irudian, NABOk bere egitura barneko euskara koordinatzaile posizioa sortu zuenetik postu hori atxiki duen Izaskun Kortazar solasean. Bere azken bilera zuen Izaskunek, postua urtea amaitutakoan utziko duela iragarri baitu, beste bati bidea emanez. Bost hautagai aurkeztu dira eta NABOko Euskara Batzordeak erabakiko du izen berria, dagozkion elkarrizketa eta frogak eginez, Martin Goikoetxea batzordeburu (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 11

 [NABOk antolatzen dituen ekitaldien artean, haur eta gaztetxoen Udaleku da seguruenik kuttunena eta baliotsuena geroari so. Elkartearen harrobia den ekimen hau 2013an Kaliforniako Bakersfield-en egin zen eta haren balantzea eskaini zuten euskal etxeetako ordezkarien aurrean aurtengo bi arduradunek, Maria Torettak (eskuinean) eta Teresa Iturririak (ezkerrean, zutik). Bildutakoek euren txalo beroenak eman zizkieten (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 13

 [Estatu Batu Ekialdeko euskal etxeetako ordezkariek euren euskal etxeen errealitateen agerpena egin zuten bileran. Bost dira Ekialdeko euskal elkarteak: Quebec, Rhode Island, New York, Washington DC eta Florida. Irudian, Miamiko Euskal Etxeko ordezkaria, Boni Guenechea (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 14

 [New Yorkeko Eusko Etxeko lehendakariorde Iban Ubarretxena bertaratutakoei berbetan, elkarteko lehendakari Aitzol Azurtza eta idazkari Iker Goñi arretaz begira dituela. Goizeko saioaren ondotik bilkurako partaideak beheko solairuan bazkaldu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 15

 [Eta bazkalostean, aretora itzulita, Urkullu lehendakaria eta Euskal Herritik etorritako ordezkaritza errezibiru zuten NABOko kargu eta ordezkariak. Irudian, Urkullu aretora sartzen, bildutakoen txaloen artean (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 16

 [Estatu Batuetara (eta Europatik kanpora) eginiko bere lehenengo bidaian, Iñigo Urkulluk New Yorkeko Eusko Etxea bisitatu eta NABOren bilkuraren itxiera-ekitaldian parte hartu nahi izan zuen. Bere ondoan, ezkerretik eskuinera, Kate Camino, Renokoa, NABOko sustatzailea; Marisa Espinal, San Frantziskokoa, NABOko idazkaria; eta Valerie Arrechea, San Frantziskokoa baita ere, NABOko lehendakaria (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 17

 [NABOren izenean, Valerie Arrecheak oparia eman zion Urkulluri, elkartearen logoa hain zuzen. Valerie-ren atzean txalotzen, Mary Gaztambide NABOko lehendakariordea, Salt Lake City-koa; eta Grace Mainvil, NABOko diruzaina, Ontarioko (Oregon) euskal etxeko partaide (argazkia EuskalKultura.com)

2013 NY mendeurrena EE 18

 [Lehendakaria aretora jaitsi eta NABO bilkuran parte hartutakoei zuzendu zitzaien. Gogoratu behar da, New Yorkeko Eusko Etxearen 100. urteurrenarekin batera, NABO bere 40. urtebetetzea ari dela betetzen aurten. Urkulluk jakin arazi zien bildutakoei gauzatzeko bidean dela Global Basque Network izeneko ekimen berri bat, munduko euskaldunen sare eta biltzaile (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 19

 [NABOko buruzagi eta ordezkarien galderei erantzun eta elkarrizketa-solasaldia izan zuen eurekin. Berak euskaraz erantzun eta itzulpen lanak --batzuetan arrapostuak izugarri luzeak izan arren-- egoki egin zituen bere ondoan ageri den Asier Vallejo Itsaso, Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Komunitatearentzako zuzendariak (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 20

 [Bilkura bukatutakoan, lehendakariarekin banaka edo taldeka biltzen joan ziren hainbat partaide, eta batzuk argazkiak haren ondoan ateratzen, irudiak erakusten duenez Bakersfield-eko (Kalifornia) ordezkariekin gertatu bezala; ezkerretik eskuinera, bi Goyenetche anaiak, Maria Bernal Toretta, Urkullu, eta Iturriria anaia-arreba-lehengusuak (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 21

 [Itziar Albisu Kobayashi, Eusko Etxeko diruzaina eta lehendakari ohia, Marian Elorza Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkariarekin (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 22

 [Anna Mari Aguirre NYeko Eusko Etxeko kide historikoa, bere aita-ama eta bere aiton-amona izan ziren bezala, Urkullurekin hizketan, Asier Vallejo eta Marian Elorza ere entzule (argazkia EuskalKultura.com)]

2013 NY mendeurrena EE 23

 [Eta nola ez, talde-argazki ofiziala Urkullu, bere ordezkaritzako kideak, eta NABOko ordezkariekin. Argazkia egiten, Jaurlaritzako argazkilari ofiziala, Jon Bernardez (argazkia EuskalKultura.com)]

Bilera honen ondotik, programako hurrengo urratsera abiatu ziren bildutakoak. Baina horri datorren artikuluan egingo diogu leku.

Segituko du



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia