euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NYeko argitaletxe batek euskara ikasteko metodoa berrargitaratuko du, euskal hiztunen ahots grabaketekin

2007/04/02

'Beginner's Basque' metodoaren edizio berriak euskal hiztunen grabazioak ekarriko ditu ere
'Beginner's Basque' metodoaren edizio berriak euskal hiztunen grabazioak ekarriko ditu ere

PUBLIZITATEA

New Yorkeko (AEB) Hippocrene Books argitaletxeak berriro plazaratuko du Beginner's Basque euskara ikasteko liburua eta oraingo honetan euskaldunek grabaturiko bi audio CD gehitu dizkiote. Material didaktiko hau bereziki prestatua da gure hizkuntza ezagutzeko gogoa duten ingeles hiztunentzat. Bi konpaktuen grabaketa egin ahal izateko argitaletxeak New Yorkeko euskal hiztunei proiektuan parte hartzeko gonbitea egin zien eta Hippocrene-ko arduradunen esanetan 'erantzuna itzela izan da: agerian da euskaldunak oso harro daudela euren hizkuntzaz', adierazi dute.

New York, Estatu Batuak. New Yorkeko Hippocrene Books argitaletxeak berriro plazaratuko du euskara ikasteko hasiberrientzat duen liburua. Oraingo bertsioak, baina, berrikuntza interesgarria ekarriko du; hain zuzen, euskara grabazioak bilduko dituen bi CD atxikiko dizkio edizio berriari. Argitaletxeak euskal hiztunen ahotsak erregistratu ahal izateko bere proiektuan parte hartzeko deia egin zien Sagar Handiaren inguruan bizi diren euskaldunei eta erantzuna ‘itzela izan da, izan ere agerian da euskaldunak oso harro daudela euren hizkuntzaz', azaldu diote BasqueHeritage.com-i liburugintza enpresa honetako arduradunek. Grabaketak egiteko euskal hiztunak behar zituztela oso azkar zabaldu da bertako euskaldunen artean eta Euskal Irrati Telebistak Etxeorratzen Hirian duen taldeak lokuzioen grabaketaren inguruko erreportaia txikia egiteko asmoa azaldu du.

Argitaratuko den metodoak Beginner's Basque (Euskara hasiberrientzat) du izena eta 2002an plazaraturiko izen bereko lana dauka oinarri. Aurrekoa bezala, berria ere ingeles hiztunentzat prestaturiko testuliburua da eta "bi hizkuntzen arteko diferentzietan oinarriturik emango ditu gramatikari buruzko azalpenak", arduradunek azaldu duten moduan. Tituluak berak dioenez, oinarrizko euskara irakasten du eta bere orrietan Euskal Herriko historia eta ohiturak ere jorratzen dira. Ikasbide hau Estatu Batuetako liburu dendetan salduko da eta baita Hippocrene Books-ek interneten daukan gunean ere.

Lotura interesgarriak

Beginner's Basque-ren argitaldaria
www.hippocrenebooks.com

New York-eko Euskal Etxea
www.newyorkbasqueclub.com

New Yorkeko Euskal Etxearen albiste webgunea
www.eeny.org

Euskara ikasteko baliabideen zerrenda
BasqueHeritage.com-ek osaturiko zerrenda



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia