euskal diaspora eta kultura
2011/05/09
PUBLIZITATEA
Townsville, Australia. North Queensland Basque Club elkarteko kideak Tonwsville hirian bildu ziren iragan maiatzaren batean, Aberri Eguna eta Korrika ospatzeko. Euskal etxean bazkaria egin zuten eta eguraldi ederra zela eta, 70 kideetako askok elkartearen kanpoko mahaietan bazkaltzea erabaki zuten. Euskal etxearen egoitza parke batean dago eta bazkide zenbaitek mango zuhaitz handi baten gerizpean bazkaldu zuten.
Bazkariaren menuak Australiar gizarteko kultur aniztasuna islatu zuen, herrialde desberdinetako plater asko zerbitzatu baitzituzten. Sukaldari taldea honakoek osatu zuten: Dolores Larrazabal Mendiolea, Antonia Mendiolea Echave, Mari Ibanez, Rose Lejarcegui, Phil Zumaran eta Robyn Zumaran. Jaian Euskal Herritik eta Estatu Batuetatik etorritako hiru bisitarik ere parte hartu zuten, elkarteko presidenteak, Pedro Mendioleak, EuskalKultura.com-i azaldu dionez.
[Aberri Eguneko bazkariaz gozatzen. Ezkerretik eskubira Gorka Barturen, Begona Bengoa, Rosemary Bengoa, Diana Gabiola, Mary Arrate eta Maria Begona Bengoa (argazkia NQueenslandEE)]
Uholdeek elkartean kalterik ez
North Queensland-eko Euskal Etxea Australian diren hiru euskal elkarteetako bat da. Duela zortzi urte sortu zen eta 250 bazkide ditu. Bigarren urtean bertan elkarteak egun duen egoitza erosi zuen Townsville hirian. Elkarteko kide gehienak Townsvillen eta Ayr eta Ingham herrietan bizi dira (Townsvilletik 100 kilometro iparraldera eta hegoaldera, hurrenez hurren).
[North Queenslandeko Euskal Etxearen egoitza (argazkia NQueenslandEE)]
[Ezkerretik eskubira, Joe Corta, Jose Larrazabal eta Felix Jauregui bazkideak aspaldiko pasadizoak kontatzen bazkalosteko hitzaspertuan (argazkia NQueenslandEE)]
"Elkarteko famili asko azukre-kanabera moztera etorri ziren. Gaur egun elkarteak lanbide desberdinetako kideak ditu: doktoreak, arkitektuak, irakaslerak, ingenieriak...", azaltzen du Pedro Mendioleak. "Townsville hiria gogor jo zuten urte hasieran Ipar Australian izan ziren uholdeek eta zikloiek, baina, zorionez, elkarteko kideek orokorrean kalte minimoak baino ez zituzten izan, eta euskal etxean ere kalte larririk ez zen izan".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus