Bakersfield, AEB. EGUNERATUA 2020-06-17. Noriega euskal ostatuko jabetzak adierazi du datorren ostiral eta larunbaterako aurreikusi eta iragarria zegoen salmenta bertan behera geratzen dela, salgai zeudenak dagoeneko salduak izan baitira.
Desegiten doa Bakersfieldeko euskal historiaren zati bat, Noriega euskal ostatuak ordezkatzen zuena. Zenbait komunikabidek azaldu dutenez, Noriega izena bera eta alkohola saltzeko bere lizentzia saldu dira dagoeneko, eta herrian bestelako negozioak dauzkan Bill Osathanugrah-k erosi ditu, bere alabak Noriega berri bat zabalduko duela esanez, hiriko beste leku batean. Bestalde, asteburu honetan euskal ostatu ohiaren eraikina zabalik egongo da, bertako eduki, altzari eta gainerakoak bertatik pasatzen direnen erosgai.
Salmenta ostiral eta larunbatez egingo da, bihar eta etzi, Noriegan bertan, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 3ak arte.
Mota desberdineko objektu andana diferentea topatuko du bertaratzen denak, mahaiak, hozkailuak, berogailuak, koadroak, euskal estiloko mantelak, barra bera, euskal apaingarriak eta beste hamaika objektu, Noriegaren eguneroko jardunaren urte askotako lekuko eta zati izan direnak kasu gehienetan.
Eta Noriegaren ontzia ondoratzen ikustearekin batera, Idahoko Boisen, euskal janari eta jatetxe munduko negozio berri bat iragarriu eta ezagutarazi du aste honetan bertan, Dan Ansotegui euskal-amerikar ekimentsuak. Ikus hori albiste bereizituan.