Bakersfield, AEB. Berri txarra da, seguruenik egungo egoeraren ondotik etorriko zaizkigun berri txar gehiagoren aurrekari. Bakersfield-eko Noriega hotela, AEBetan zabalik zeuden euskal ostatu historikoetan zaharrena denak, iragarri du ez dituela ateak berriz zabalduko gaur egun bizitzen ari garen Covid-19aren krisialdiaren ostean. 1893an Faustino Noriega eta Fernando Etcheverry-k sortua, 1931etik kudeatu du Elizalde familiak. Pilota kantxa hoteleko parte duela, 2011an James Beard Fundazioaren Estatu Batuetako jatetxe klasiko herrikoi onenaren saria eskuratu zuen.
Garai bateko euskal ostatuen tenorea joana da eta azkeneko hamarkadetan apurka apurka itzaltzen joan dira euskal immigrazioaren euskarri eta sostengu izan ziren euskal hotelak. Jatetxe bihurtuta, bertan zerbitzatzen den euskal-amerikar janari motak jende asko erakartzen du, AEB Mendebaldeko eremu batzuetako ezaugarri eta marka berezia bilakatu arte. Denbora berean, ordea, ostatu zaharrenak zeuden auzo hauetako asko aldatu egin dira eta apaldu eta gaiztotu bertako kaleko giroa.
Koronabirusaren krisiak azken kolpea eman dio historia luzeko Noriega ostatu famatuari. Jende askoren begi ninietan eta bihotzaren memorioan geratuko dira gordeta bertan bizi izandako hainbat bizipen. Bertako zenbait euskal belaunaldientzat hasteko, baina oro har baita Bakersfield-eko biztanleentzat eta kaliforniar askorentzat ere. Bertako asko, euskal jatorriko ala ez, penak eta galera zentzu batekin daude egunotan Noriegaren itxiera iragarriarekin
Bertako prentsak, tartean Los Angeles Times egunkari ospetsuak garai baten amaiera gisa izendatu dute iragarpena