euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nora Mugica hizkuntzalaria: "bere hizkuntzari eutsi nahi dion herri baten politikak txaloak merezi ditu"

2013/09/03

Nora Mugica hizkuntzalaria
Nora Mugica hizkuntzalaria

PUBLIZITATEA

Letretan doktorea den Nora Mugica familia euskal argentinar batean jaio zen. Buenos Aires probintziako Colon herriko bere etxean ohikoak ziren oso Euskal Herriko eta euskararen doinuak entzutea. Ohikoa ere urtero Idiazabalgo gazta eta kamamila jasotzea. Colondik, hamaika gutun joan-etortzen ziren Goierrira familien arteko harremanei eutsiz. Gaur egun, Rosarioko Unibertsitate Nazionaleko erreferente bihurtuta, Euskal Herriaren eta Argentinaren arteko loturak sendotzen jarraitzen duen Mugica doktoreak bere babesa eman zion Humanitate eta Arteen Fakultateak eta Zazpirak Bat Euskal Etxeak sinatutako akordioari. “Garrantzi handikoa da Unibertsitatean euskara irakastea, profil berrietako jendearengana iristea lortuko baita”.

Rosario, Argentina. “Gure aita Idiazabalen [Gipuzkoan, izen bereko herria baitago Argentinan] jaio zen eta 14 urterekin, lehen mundu gerra hasi zenean, etorri zen Argentinara. Hamaika seme-alaba ziren baserrian, ama alarguna eta egoera larria. Neska-mutilak Olaberriako [Gipuzkoan, Olabarria izeneko herria baitago Argentinan] eskolara joaten ziren, matematika eta hizkuntzako oinarrizko edukiak ikastera. Koxkortu zirenean, ezin etxean geratu eta emigratzea erabaki zuten. Zortzi anaietatik, nagusia geratu zen baserrian amarekin. Besteak argentinaratu ziren. Baserriak Marzelai du izena eta gaur egun lehengusu baten hiru seme-alaba bizi dira hor”, kontatzen du Nora Mugicak bere sorrera, istorioa eta gaurko bizitza azaltzen hasteko.

Mugica Anaiak

“Anai-arrebek santutegiko izenak zeuzkaten. Gure aita Ignacio zen. Buenos Aires probintziako Colon herrira etorri zen zuzenean hor bi anaia helduago zeuzkalako eta bi osaba. Osaba horiek sortzaileak ziren, ekimen handiko gizonak. Haiek ezarri zituzten ‘Los Vascos’ dendaren erroak. Denda horretan denetatik saltzen zen eta banku baten zerbitzuak ere eskaintzen zituen. Oraindik ere bertan diraute zerealak gordetzeko erabiltzen ziren tokiak, ‘Mugica Hermanos’ izenarekin. 50.eko hamarkadan itxi zen denda. Peronen garaia zen eta bolada hartan eraso larriak jaso zituzten abeltzaintzak eta nekazaritzak. Horrekin batera aipatu behar da gizartea ere aldatzen hasia zela, jadanik ez zuen eredu kontserbadorea jarraitzen, ezta abeltzaintza-nekazaritzarena ere".

Denda eta elkargunea

Buenos Aires probintziako beste hainbat herritan ez bezala, Colonen ez zuten euskaldunek euskal etxerik sortu. Hala ere, iritsi berriek bazuten nora jo eta euskaldunen artean egoteko leku bat. “Hirian euskaldun asko egon arren, ez zen inoiz euskal erakunderik antolatu. ‘Mugica Hermanos’ gure familiaren denda, ordea, Euskal Herritik etortzen ziren euskaldunen elkargune bilakatu zen. Colonera heldu eta zuzenean joaten ziren dendara, bazekitelako hor lana eta bizitzeko leku bat aurkituko zutela. Enpresaren egitura hierarkikoa zen baina euskal jaiak ospatzen zirenean, denak elkarrekin ospatzen genuen. Esate baterako, Iñaki Deunaren egunean, dendako langile guztiek euskal jantzi tradizionalak jantzi behar zituzten, alegia praka eta ator zuriak, gerrikoa, zapiak eta txapela. Festak enpresan bertan egiten ziren eta batzuetan autoak edo kamioiak atontzen ziren herrian zehar buelta bat emateko”.

Inguru honetan, beraz, ez zen harritzekoa euskararen presentzia. “Dendaren jabeek, hau da, gure aitak, bere anaia eta ilobek euskaraz hitz egiten zuten elkarren artean. Eta lanagatik ezagutzen zituzten beste euskaldun askorekin ere bai. Aita ez zen inoiz ondo moldatu gaztelerarekin. Akatsak egiten zituen batez ere genero komunztaduran, adibidez, ‘el cuchara’-eta esan ohi zuen. Ama enpresan ezagutu zuen, bertara joaten zen bezeroa baitzen. Katalana zen eta etxean katalanez hitz egiten zuen nire ahizpa eta nirekin. Bere aldeko aitona-amonekin ere katalanez egiten genuen; euskara, ordea, lanean entzuten zen hizkuntza zen”.

Euskal Herria, gorputz eta oroimenean

Festen oroitzapenak behin eta berriro ekartzen ditu gogora Nora Mugicak. Festak Goierriko baserrian eta Colongo etxean ospatzen ziren aldi berean. “Aitak oso ondo dantzatzen zuen jota. Oso dantza bikote polita osatzen zuten lehengusina batekin. Dantza gorputzari itsatsita zuen aitak. Etxean egiten genituen jaiak euskal jaiak ziren eta Idiazabaldik etorritako lau Mugica anaiez gain beste bi lehengusuren familiak ere elkartzen ziren. Oso festa alaiak ziren, asko dantzatu eta euskaraz abesten zen. Zoritxarrez, behin bakarrik bueltatu zen aita Euskal Herrira, 1930ean. Argentina asko maite zuen baina hala ere herrimin handia zeukan. Asko botatzen zituen faltan bere herriko geografia eta paisaia; horrexegatik zuen hain gustuko Cordoba, hor dauden mendixkengatik”

Belaunaldi eta helmuga berriak

Denborarekin, Colonen jaiotako lehenengo belaunaldiko gazteek ere familiaren etxea utzi zuten euren bizitza eraikitzeko. Noraren kasuan, ikasteko grinak ekarri zuen Rosariora: “Bigarren mailako hezkuntza bukatu ahal izateko Pergaminora joan nintzen. Hor azken bi urte egin nituen, Eskola Normalean. Ondoren eta Unibertsitatean ikasten jarraitu ahal izateko, Rosariora etorri nintzen eta geroztik ere hemen bizi naiz. Ez nuen gustuko herriko biziera; ikasteko gogoa nuen eta Colon ez zegoen horretarako aukerarik".

"Unibertsitateko nire lana, 1984. urtean egonkortu zen, demokrazia iristearekin batera. Hortik aurrera oso harreman onak izan nituen Dario Maiorana Errektorearekin; izan ere nire ‘dizipulua’ izan zen. Horregatik izan zen hain erraza euskal etxe eta unibertsitatearen arteko hitzarmena burutzea. Bilera batzuk izan genituen eta bai Errektorea bai Hizkuntza Modernoen Saileko Zuzendaria oso gustura agertu ziren proiektuarekin. Nire karrerari dagokionez, Filosofia eta Letrak ikasi nituen eta latin eta grekoan espezializatu nintzen. 1985 eta 1986ren artean Linguistika eta Latin katedren titulartasunak irabazi eta gaur egun gradu ondoko ikastaroez – Linguista Masterra eta Doktoretza- arduratzen naiz”.

Euskara eredu bezala

“Nire senarrak ez du euskal jatorririk baina lotura sakonak ditu kolektibitatearekin. Duela urte dezente euskara ikastaro bat egin genuen biok hemen Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxean, Jose Etxebeste eta Mikel Aguirre irakasleekin. Nire kasuan beti izan dut interesa euskararekiko, hizkuntza berri bat ezagutu eta hizkuntzen arteko konparaketak egin ahal izateko. Beste alde batetik, Euskadiko hizkuntza politika goresgarria iruditu izan zait beti. Bere hizkuntzari eutsi nahi dion herri baten politikak txaloak merezi ditu eta euskara mantentzeko euskaldunek egin duten lana aipatzeko modukoa da".

"Aipagarria iruditzen zaidan beste gauza bat klasikoak euskarara itzuli izana da. Duela urte batzuk Donostian egin zen biltzar euskal amerikar batera joan nintzen eta hor ikusi nituen Platonen obrak euskaratuta. Linguistikaren ikuspuntutik lan horrek balio handia du. Itzulpenak egiteko, Platonen abstrakzioak euskarara pasatzeko, hitz berriak asmatu  behar izan zituzten. Lexikoa eta hizkuntza sortu zituzten adituek eta hori miresgarria da. Antzeko fenomeno bat gertatu zen, mende asko lehenago, Erroman latinizazioa burutu zutenean, ordura arte grekoz idatzen baitzuten”, azaldu du adituak.

Zazpirak Bat

Familia euskaldun batean hazia izan arren, Rosarioko euskal etxera Eduardo Fignoni bere senarraren eskutik sartu zen Nora. Fignoni-Mugica senar-emazteek bi alaba dituzte, Luciana eta Fernanda. Fernanda arras murgilduta dago Zazpirak Bat-en eta, izan ere, bertako lehendakariordea da gaur egun. “Senarra beste era batekoa izan balitz, oso harreman ezberdina izango nukeen nik euskal kolektibitatearekin. Baina hura oso txikitan hasi zen Zazpirak Bat-era joaten, pilotan jokatzen zuen osaba euskaldun batekin. Beraz, oso erraza izan zen niretzat tradizioa jarraitzea. Hala ere, niretzat euskaltasunaren bultzatzaile nagusia aita izan zen dudarik gabe. Berak ohituarazi gintuen baserriarekin kontaktuan egotera. Idazten ikasi nuenean, urtero idatzi behar nizkien gutunak aurrez aurre ezagutzen ez nituen Idiazabalgo lehengusuei. Eta haiek urtero bidaltzen zizkiguten gazta eta kamamila. Aitak uztailaren 31an betetzen zituen urteak, San Inazio egunean, eta hala ospatzen genuen etxean eta aitak dirua bidaltzen zion familiari baserrian ere ospatu ahal izateko. Garai hartan komunikazioak ez ziren errazak baina guk kontaktuan segitzen genuen".

"Egiari zor, niretzat euskalduna izatea babestuta sentitzea da. Harrotasun handiz esaten nuen nik txikitan aita euskalduna zela. Inoiz ez nuen esan espainiarra zenik. Aitak sentimendu hori sustatu zuen gure baitan era onenean: hiru urteak bete orduko, prest zeuzkan gure euskal jantziak dantza egiten hasteko. Eta horixe da Rosarioko euskal etxeak lortu behar duena. Tradizioa moztu ez dadin, umeei segida eman, umeak erakarri behar ditu. Euskal etxeak bizirik jarraitu ahal izateko, umeak eta jende gaztea lortu behar ditu, dantza medio esaterako, bestela erakundearen egitura aldatu eta oso bestelakoa izango da etorkizunean”.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia