euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Nomadak TX' dokumentalak musika film onenaren saria lortu du Washingtoneko SilverDocs jaialdian

2007/06/23

Harkaitz Martinez de San Vicente, Raul de la Fuente eta Igor Otxoa sariarekin (argazkia AFI)
Harkaitz Martinez de San Vicente, Raul de la Fuente eta Igor Otxoa sariarekin (argazkia AFI)

PUBLIZITATEA

Washingtongo SilverDocs jaialdia dokumental munduan garrantzitsuenetako bat da, izan ere, Discovery Channel telebista kate famatuak antolatzen du. Raúl de la Fuentek zuzenduriko 'Nomadak TX' dokumentalak bertan eskuratu berri du bere azken saria, nazioarteko ibilbide arrakastatsuan azkena, momentuz. Estatubatuar epaimahaiaren esanetan txalapartaren inguruan egindako road-movie honek egi bihurtzen du 'musika hizkuntzarik unibertsalena' dela dioen esaldi famatu hura.
Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez de San Vicente txakapartariek, Raúl de la Fuente zuzendaria alboan zutela jaso zuten joan den larunbatean Washingtonen SilverDocs jaialdiko Musika film onenaren saria, 'Nomadak Tx' dokumentalagatik. Film honek Oreka TX taldeko bi txalapartariek munduan zehar egiten duten bidaia jasotzen du. Filma egiterakoan euren asmoa, ametsa, txalaparta beste kulturekin komunikabide eta topagune bihurtzea.

Amerikar jaialdiko kritikoek filma goraipatu egin dute, bere 'irudi txundigarriak' eta 'musika bikaina' azpimarratuz. Dokumentalak txalapartarien bidea jarraitzen du, Indiako iparraldetik Saharako basamorturaino, Laponiatik Mongoliako esteparaino. Adituen esanetan 'filmak hizkuntzak eta herrialdeen mugak gainditzen dituen komunikazio erraza eta dinamikoa islatzen du, musikaren bidez'.

[Goiko irudian dokumentaleko une bat (argazkia nomadaktx.com)]

Sari hau marka berria da dokumentalak munduko hainbat jaialdietan egin duen bide arrakastatsuan. Donostiako Zinemaldian estrenatu eta euskal zinematan izan ondoren, sari ugari jaso ditu: Guadalajara (Mexiko), Parise (Frantzia), Belfast (Ipar Irlanda)... 'Sari hau berezia da guretzat, musika arloko saria delako', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Harkaitz Martinez de San Vicentek. Bi txalapartariak eta zuzendaria Washingtonen izan ziren saria jasotzeko. Aurretik banandu egin ziren, zuzendaria Nantucketeko jaialdiara eta musikariak Seattlekora joan ahal izateko. 'Seattle-en bertako euskal etxeko talde bat etorri zen gainera, pelikula ikustera'.

Musikariak filma festibaletan aurkeztearen zurrunbiloan sartuta daude oraindik eta izango dira denbora batean: hurrengoak Hegoafrika, Mexiko eta Bogota dira. Epe hori bukatu ondoren euren filma euskal Diasporari aurkezteko gogoa azaldu dute. 'Filmaren emanaldia eta zuzeneko txalaparta kontzertua batuko dituen ikuskizuna prestatu nahi dugu, eta noski, gustora asko eskainiko genuke euskal etxeetan'.


Lotura interesgarriak

Nomadak TX filmaren web gunea
www.nomadaktx.com

Silverdocs jaialdia, Washington
silverdocs.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia