euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nola josi zeure euskal jazki tradizionalak: Aberri Etxeak tailer berezia eskaintzen du horretarako Viedma eta Patagonesen

2024/06/14

Jantzien tailerraren kariaz, bertako telebista kateak Antonella Ibarrola elkarrizketatu zuen Aberri Etxearen egoitzan
Jantzien tailerraren kariaz, bertako telebista kateak Antonella Ibarrola elkarrizketatu zuen Aberri Etxearen egoitzan

PUBLIZITATEA

Viedma, Argentina. Dantzari talde bat oholtzara igotzen denean, gutxitan pentsatzen dugu emanaldi horren atzean, batzuetan minutu gutxikoa bada ere, dagoen lanaz. Eta ez gara ari soilik dantzaren ikasketa prozesuaz, entseguez eta talde baten koordinazioaz, gaietako batzuk aipatzearren. Jantziak ere ikuskizunaren zati garrantzitsua dira, eta lortzea ez da beti lan erraza Diasporako euskal etxeentzat. Viedma eta Patagoneseko Aberri Etxean irtenbide bikaina aurkitu diote arazoari eta jantziak egiteko tailer bat antolatu dute, norberak bere jantzia egiten ikas dezan.

Aberri Etxeko bazkide den Antonella Ibarrolak koordinatzen du jarduera. Amonarengandik jaso zituen ezagutzak eta interesa duten guztiekin partekatu nahi ditu. Helbururik anbiziotsuena dantza taldeko jantzi tradizionalak eurak egin ahal izatea bada ere, bertan, eskuz edo makinaz josteko, brodatzeko eta ehuntzeko teknikak ikasi ahal izango dira. Horrez gain, tailerrak euskal jantzi tradizionalen esanahiarekin eta sinbolismoarekin lotutako gaiak jorratuko dituzte, esan nahi baita zein tokitan eta zein lan egiteko, edo zein egunetan janzten ziren, elementuen zentzua, zintak kasu, eta jantzien testuinguruko beste alderdi batzuk.

Muturra sartu eta zeure jantzia egiteko hasi-masiak ikasi

"Asmoa da ikastarora hurbiltzen den pertsona bakoitzak zerbait egin ahal izatea eta, esaterako, dantzarako jantzi bat edo ekitaldi batean berak egindako zapi bereizgarri ez bada ere, egiten ikasi eta herro jantzi ahal izatea. Nik gidatuko diot, behar diren materialak eta norberak dituen tresnak aztertuko ditugu. Eta ikasiko dugu neurriak ateratzen, moldea egiten, mozten, eskuz harilkatzen eta jantzia makinatik pasatzeko prest uzten", azaldu dio Antonella Ibarrolak EuskalKultura.eus-i.

Tailerra doakoa da, Aberri Etxeko egoitzan (Alberdi kalea 169, Viedma), asteazkenetan, 15:30etan. Beste talde bat larunbatetan irekitzea ere ari dira aztertzen. Tailerrarekin bat egiteko, antonella.ibarrola@hotmail.com.ar helbidera idatz dezakezu edo jarri harremanetan Whatsapp bidez, 54-2920591507 zenbakira idatziz.

Hori hori!

(Agian, interesaren arabera, online ere saiatzea ere aztertuko lukete?)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia