euskal diaspora eta kultura
2009/05/18
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Koldo Mitxelena Kulturunea Donostiako kultur zentro aktiboenetakoa da eta bere Liburutegia Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat. Donostia eta Gipuzkoako euskaldunei zerbitzua emateaz gain, liburutegiak Euskal Herri osoko eta Diasporako ikasle, ikerlari zein literaturzaleei ateak ireki zizkien aspaldi bere webgunearekin. 'Liburutegian bertan 40.000 kontsulta izan ohi ditugu; webgunea ireki genuenean horiek bere horretan jarraitu zuten, baina saretik 300.000 kontsuta jasotzen hasi ginen', azaltzen du Frantxis Lopez de Landatxek, KMko zuzendariak.
Webguneak indar handia duela argi dago, baina batzuetan erabiltzaileek ez dakite, edo ezin dute asmatu nola baliatu katalogo digitala bezalako tresna bati, adibidez, etekinik handiena ateratzeko. Koldo Mitxelenaren kasuan, zuzendariak azaltzen duenez, era praktiko bat liburutegiko webgunearen portadatik zuzenean nabigazio barraren azpian agertzen den bilatzailean autorearen izena edo izenburuko hitzak jartzea da. Adibidez, Axular idatzita liburutegian dauden 'Gero' lanaren egilearen lanak (edo izen horrekin harremana duten elementuak) agertzen dira: eskuizkribuak, liburuak, kartelak...
Internet bidez zuzenean fondo horiek ikusi edo irakurri nahi dituztenentzat eskubiko zutabean tresna erabilgarri bat dago: hainbat datuen artean 'Liburutegi digitala' dioen atalean digitalizatuta dauden Axularri buruzko dokumentuak agertzen dira, kasu honetan 16. Bertan klikatuta ikusiko dugu dokumentu horietako bakoitzak ondoan irudia duela, irudian klikatu eta irudiz irudi dokumentua irakurri ahal izango dugu. Bertatik irudiak inprimatu edo deskargatu egin daitezke.
Liburutegi digitala
Liburutegi digitala kontsultatzeko beste era bat webgunearen portadan agertzen den Liburutegi digitala ikonoa klikatzea litzateke, eta behin barruan 'Agiria digitalizatuak' ikonoa aukeratu. Atal honetan bilaketak egilearen izenaren arabera edo beste ezaugarrien arabera egiteko aukera dago.
'Artxibo digitalizatuetan gehienak egile klasikoenak dira, idazle garaikideen lanak digitalizatzeko eskubide arazoak egon daitezkeelako', azaltzen du Lopez de Landatxek. 'Eta kasu batzuetan, gure fondoetan digitalizatuta egon ez baina beste nonbait aurkitu baldin baditugu dokumentuak, artxibo horietara lotura ematen dugu. Horretan artxibo aparta da adibidez www.armiarma.com webgunearen Klasikoen Gordailua', aipatzen du.
Hemeroteka Digitala
Beste atal oso erabilgarria Hemeroteka Digitala izenekoa izan daiteke. Hemen Liburutegian jasota dauden aldizkari historikoak agertzen dira digitalizatuta, 50 bat izenburu. Erabiltzaileak nahi duen aldizkaria, urtea eta hilabetea aukeratu ditzake bilaketa egiteko. Artxibo honetan milioi bat irudi daude gordeak, aldizkari bakoitzeko orri bakoitza digitalizatuta, alegia.
Beste atal oso interesgarria Koldo Mitxelena Liburutegiaren Web Orri Propioak deritzona da, bertan erakundeak gai desberdinei buruz sorturiko mikro-webguneak agertzen dira: 'Álbum Siglo XIX Mendea' web orrian grabatu zaharren bilduma dago, 'Bitoriano Gandiaga' atalean egile honen poesia osoa, 'Bertan Bilduma' atalean Gipuzkoako kultur eta gizartearen arlo desberdinei buruzko liburu digitalizatuak...
Webguneak sartu eta bertan ikusmiran ibiltzeko gonbitea egiten die erabiltzaileei.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus