euskal diaspora eta kultura
2012/10/24
PUBLIZITATEA
Palo Alto, AEB. Joan den ostiralean, urriak 12, Noka talde euskal-kaliforniarrak kontzertua eskaini zuen Stanford Unibertsitatean. Catherine Petrissans, Andrea Bidart Oteiza eta Begoña Echeverria kaliforniarrek osatzen dute taldea eta urrian AEBetako euskal etxeetan bira egin zuten, Laurent Ascain gitar-jolearekin batera.
Stanfordeko emanaldia arratsaldez egin zen, Oregon Courtyard izeneko patioan, eta, izan orduagatik, edo izan lekuagatik, kantaldia oso berezia izan zen. Taldeak emakumeei buruzko euskal kantu herrikoiak abestu zituen eta letrei buruzko azalpenak eman zituzten kantariek, euskaraz eta ingelesez. Kantaldira inguratu ziren entzuleek patioko bankuetan eserita edo emanaldirako prestatu ziren mahaien inguruan bilduta jarraitu zuten kontzertua, giro lasai eta atseginean.
[Stanford University-ko Oregon Courtyard patioan sakabanatuta egon ziren entzuleak, musikaz eta inguruaz gozatzen (argazkia ILLuzuriaga)]
Taldeak abestien euskarazko hitzak eta ingelesezko itzulpenak biltzen zituzten liburuxkan banatu zituzten entzuleen artean. Kantaldia txalo beroekin eskertu zuten bertara bildu zirenek, eta ondoren euskal pintxo eta produktu tipikoen dastaketa egin zen. Arrakasta itzela izan zuen gaztak; mota askotako euskal gazta izan zen aukeran (Idiazabal, Iraty-Ossau, eta abar).
[Entzuleak abestien letren itzulpenak eta azalpenak irakurtzen (argazkia ILLuzuriaga)]
Emanaldia Etxepare Euskal Institutuaren eta Stanford Unibertsitatearen arteko hitzarmenean kokatzen da, eta bertako irakurle Iñaki Lopez de Luzuriaga aritu zen antolakuntza-lanetan.
Nokaren bira Oregon estatuan hasi zen urriaren 5ean, Ontario Basque Center-en. Ondoren, urriaren 6ean, Idahoko Mountain Home-eko NABOren Udazkeneko Bilkuran egin zuen taldeak emanaldia. Hirugarren kontzertua Stanfordeko hau izan zen eta biharamunean, urriaren 13an, Kaliforniako Iparreko Ibarra euskal etxean egin zen NABOren Kantari Egunean parte hartu zuen Nokak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus