euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Noka talde euskal-kaliforniarrak arrakastaz bukatu zuen Euskal Herrira egindako bere lehenengo bidaia: bideoak

2008/07/28

Begoña Echeverria eta Andrea Bidart-Oteiza, Aldudeko emanaldiaren ondotik (arg. EuskalKultura.com)
Begoña Echeverria eta Andrea Bidart-Oteiza, Aldudeko emanaldiaren ondotik (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskaraz kantatzen dute eta bi CD badauzkate dagoeneko. Eurena euskal emaitza da bai, baina ez ziren eurak Europako Euskal Herrian sortu eta ez dira bertan bizi. Noka dira: euren aritze esparrua gehienbat Estatu Batuak daukan Cathy Petrissans, Andrea Bidart-Oteiza eta Begoña Echeverria euskal-kaliforniarrek osatzen duten hirukotea. Taldea, bi kiderekin bakarrik ordea, lehenengoz abiatu da Europara eta Larrañen (Zuberoa), Erratzun (Nafarroa), Kanbon (Lapurdi) eta Alduden (Baxenabarre) aritu dira euren kantu-itzulian. Hona EuskalKultura.com-ek haiekin euskaraz eta ingelesez eginiko solasa eta Aldudeko emanaldiko bideoa, uztailaren 13an grabatutakoa.

Aldude, Nafarroa Beherea. Kontent amaitu dute Noka talde euskal-kaliforniarreko kideek Euskal Herrira egin duten bidaia. Ez zen aise hirukoa osatzen duten Cathy, Andrea eta Begoñaren datak elkarrekin ados jartzea, laneko eta familiarekiko eguneroko obligazioek agintzen baitute, eta azkenean soilik Andrea eta Begoña etorri dira Nokaren izena Euskal Herriko zenbait plazatan defenditzera. Izan ere, truke gisa planteatu zuten itzulia, iragan eguberrietan Euskal Herriko Kantiruki taldea bidaiatu baitzen Kaliforniara, hauek ere euskal kantuz, eta orain Nokaren txanda zen. Banan bana, ibiliak ziren lehenago Euskal Herrian Andrea eta Begoña, baina talde gisa Nokaren lehenengo bidaia izan da Estatu Batuetatik kanpo.

Euskal Herrian, lehenik Erratzun eta Larrañen aritu ondotik, Kanboko ezker paretan aritu ziren uztailaren 12an eta Aldudeko Alfaro ostatuaren arrazabaltzean uztailaren 13an, ondoren16an Kaliforniarako bidea hartzeko. Aldudekoan harrapatu zituen EuskalKultura.com-ek, seguruenik euren emanaldi informalenean, Alduderentzat besta egun berezia baitzen, hiru urterarik goiti itxita egon ondoren egun horretan arrazabaldu baitzen herriko Alfaro ostatua, 18 urte dituen eta etxeko alaba den Maika Alfaro aldudetar gaztearen ardurapean. Alduderen geroari eta herri bizitasunari on besterik egin ez dion gertakari honekin bat egin zuten Nokakoek, bertakoek gonbidaturik. Hona Alfaro ostatuan eskaini zuten 'Aberriaren Mugak' kantu ezagutua, Nokaren ahotsean.

Emanaldiaren ondotik, kantari euskal-kaliforniarrak EuskalKultura.com-ekin solastu ziren Alduden, lehenik hitz batzuk ingelesez, ondoren euskaraz. Hona bigarren bideo bat, non Andrea Miren Bidart Oteizak eta Begoña Echeverriak euren berri eta Euskal Herrira egindako bidaiaren xehetasun eskaintzen diguten. Hauxe bideoa:

 

 

Lotura interesgarriak

Noka taldearen webgunea
www.chinoka.com

'Aberriaren mugak'en hitzak, partitura eta MP3a
HABEren Ikasbil.net webgunean



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia