Proposamen ugari ari dira landu eta prestatzen Buenos Aires hiriburuko Laurak Bat-eko lagunak 2017an erakunde 'porteño'aren 140. urtemuga behar bezala ospatzearren. Fundazio eguna martxoaren 13a bada ere, urtean zehar egingo dituzten gainerako ekintzetako asko urteurrenarekin egongo dira lotuta. Urteko ospakizunen abiapuntu ofizala, beraz, martxoan izango da eta oraindik xehetasun batzuk baieztatu behar diren arren, ospakizunaren hitzordu nagusiak iragartzeko moduan gaude.
Buenos Aires, Argentina. 1877ko martxoaren 13an sortua, 140 urte beteko ditu 2017an munduan ateak zabalik segitzen duen euskal etxe zaharrenak, Buenos Aireseko Laurak Bat-ek [gogoratu aste honetako beste artikulu batean munduko zaharrenen artean ere kokatzen den Kubako AVNB Euskal Etxeak uztailean beteko dituela bere 140 urteak aipatzen genuela]. Hiriburu argentinarrean ere mendi eta erdiko ibilbidera ari da hurbiltzen bertako Laurak Bat eta tarte horretan hamaika Zuzendaritza Batzorde, hamaikanaka jende eta ilusio, hamaika ekimen eta hamaika historia-pasarte agitu dira Belgrano etorbideko eta aurreko egoitzetatik. Eta zalantzarik ez da beste hamaika agituko direla egun Arantxa Anitua –instituzioko lehenengo emakume lehendakaria– buru duen taldeak ere engaiamendu handia erakusten baitu Euskal Etxeari segida eman eta sendotzearekin.
Berezia izango da oso 2017ko urteurrena eta hala izan dadin duela hilabete batzuk buru-belarri dabiltza euskal etxe barruan programa osatzen. Ez da oraindik behin betikoa eta agian aldaketaren bat izan daiteke baina hona bildu ditugun ekintza nagusiak baieztatzeko moduan gaude. Hauexek:
-Martxoaren 16an, "Migratzaileak, errefuxiatuak, erbesteratuak. Gako ekonomiko eta politikoak Giza Eskubideen ikuspuntutik lehen eta orain. Buenos Airesko Laurak Bat-en 140. Urteurreneko Jardunaldi Akademikoa" Buenos Airesko Unibertsitateko (UBA) Zuzendaritza Fakultatean. Jardunaldien antolatzaileak Iñaki Anitua eta Pablo Ubierna dira, Zuzendaritza Fakultatea eta Conicet lagun.
-Martxoaren 18an, ‘Buenos Aires Celebra edo Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’, Mayo etorbidean, eguerdiko 12etatik arratsaldeko 6etara. Argentinako Euskal Etxeak, eta euskal erakunde eta enpresak bilduko dira ‘euskal postala’ osatzeko hiriburutarrei zuzendua. Urtero bezala, kultur adierazpen ugari aurkeztuko dira: dantzak, musika, euskara, sukaldaritza –Itziar Agirrek zuzenean prestatuko ditu errezetak–, jantziak –Magdalena Mignabururen Gure Arropa delako erakusketarekin–, herri kirolak... Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ere bertaratuko dira.
-Martxoaren 18an, Gauean, erromeria Laurak Baten instalazioetan.
-Martxoaren 19an, lagun arteko bazkaria Laurak Baten. Plazako dantzak Belgrano etorbidean eta jaia egunean zehar Laurak Baten egoitzan.
Ekintza hauekin batera, aldizkari bat argitaratuko du Euskal Etxeak urteurrena dela-eta, instituzioaren historia errepasatuz. Eta nahiz eta xehetasunak orainik jakinarazi ez diren, Buenos Airesko Legislaturak Laurak Bat-i omenaldi bat egiteko asmoa adierazi du.
Urteurreneko irudia
Urtemuga berezi honek irudi berezia du. Ignacio Baña Barquin EEko dantzari eta musikariak diseinatu zuen eta hitz hauekin deskribatzen du bere lana: “Guztion ikurra izan litekeen zerbait behar genuen eta Laurak Bat-en 'betidanik' egon den Gernikako Arbolaren kimua izan zitekeen ikur hori. Hiru koloreetako hostoek belaunaldi ezberdinak irudikatzen dituzte, zenbakien tipologia ‘errustikoa’k tradizioak, eta oinarrian dauden letrek tradizio horien sendotasuna”.