euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Nire ikasprozesutik ikasi dut herri baten kultura ezagutzeak motibatu egiten duela hizkuntza jakiteko”

2009/07/13

Xamar 'Los Vascos' liburuaren aurkezpean Euskaltzaleak-en (argazkia EuskalKultura.com)
Xamar 'Los Vascos' liburuaren aurkezpean Euskaltzaleak-en (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskal usadio zaharrari segituz, baserriaren izenarekin ezagutzen dute Juan Carlos Etxegoein idazlea. Xamarrena du izena etxeak, eta Xamar berak. 'Euskara Jendea' liburua 'Los Vascos' bihurtu zen gaztelaniaz eta berau ezagutaraztera etorri zen Xamar Argentinara, Jose Angel Irigarai eta Ruper Ordorikarekin batera, eta nahiz eta Hego Amerikan bere lehenengo aldia izan, “Diaspora zer den badakigu zerbait” aitortu zuen ahaide argentinar batzuekin elkartzean Buenos Airesen. Ahaideekin bildu ahal izatearekin batera, Argentina eta Uruguaiko egonaldian idazle nafarra gehien hunkitu zuena, bere liburuak hain ezagunak izatea izan da.

Sabrina Otegi/Buenos Aires. Ia hilabete eman zuen Xamarrek Argentinan eta Uruguain, eta denbora horretan zenbait euskal etxe eta euskal kultura zabaltzen duten hainbat lagun ezagutzeko aukera izan zuen. Buenos Aires hirian, gainera, senide argentinar batzuk ezagutu ahal izan zituen. "Bitxia da", kontatu zion EuskalKultura.com-i: "Gure amatxi zenaren bi anaia eta ahizpa bat etorri ziren Argentinara duela mende bat, gutxi gorabehera. Xamarrenekoak ziren".

"Denboraren poderioz, harremana galdu zen, baina orain dela urte batzuk haietako baten iloba agertu zen Nafarroan beka batekin (Nafar-etxean lan egiten zuen), eta familiaren bila agertu zen herrian. Berak bakarrik zekien Elizagarai deitura zuela eta Xamar izeneko etxe batekoa zela. Eta galdezka ibili zen ea nor ote zen bere ahaidea, eta ni nintzen. Urte hauetan harremana mantendu dut berarekin e-mailez eta beno, hau da Argentinara etortzen naizen lehenengo aldia eta neska horren gurasoak ezagutzeko aukera izan dut".

-Kontatu duzunari erreparatuz, zer leku dauka Diasporak zure bizitzan?

Amatxiren anaia eta ahizpa guztiak joan ziren kanpora; hiru Argentinara etorri ziren, beste anaia bat Mexikora. Amatxi izan zen herrian gelditu zen bakarra. Ezkondu egin zen eta senarrak, hura ere Garraldakoa, hogei urte eman zituen Estatu Batuetan artzain. Beraz, Diasporaz badakigu zerbait. Horri begira, pentsa daiteke Diasporako jendeak, batez ere lehenengo belaunaldikoak ez direnak, kuriositate bat baduela eta interes bat baduela bere sustraietan.

Baina, jakina, Ameriketan hori talde guztiekin gertatzen dela suposatzen dut, baldin eta ez badira bertako jatorrizko herri batekoak. Eta hor denetarik dago, frantsesak, poloniarrak, italiarrak edo zernahi. Bitxia dena da, euskal diasporaren kasuan, oso herri txikia dela Euskal Herria eta, nik uste, batez ere bere ibilbide historiakoagatik pizten duela interesa eta gogoa. Kuriositatetik baino haratago doan zerbait da, eta oso interesgarria eta pozgarria da.

-Zure lehenengo aldia izan da hau Argentinan, zer espero zenuen bidaia honetatik eta zer aurkitu duzu?

Espero nuena… ba ez dakit, eskertuta gaude ekarri gaituztelako. Pamiela Argitaletxeak ekarri gaitu --Jose Angel Irigarai, Ruper Ordorika eta hirurok-- Buenos Aireseko Liburu Azokan gure lana aurkezteko asmoz. Dena den, gauza deigarriak gertatu zaizkit. Hau da: nik ulertzen dut, erraz gainera, Ruper Ordorikaren ondoan, bera dela izarra. Jendeak ezagutzen du eta bere kantak ere bai; beraz, asko harritu nau aurkitzeak nire lana ongi ezagutzen dela hemen.

Irakasleek erabili egiten dutela euskal kultura eta Euskal Herriari buruzko klaseak emateko eta benetan harrigarria iruditzen zait. Nik uste Euskal Herrian bertan ez naizela hain popularra, orduan hemen hori ikustea… Baten batek esan dit, 'aizu, zure liburua irakurriz piztu zitzaidan euskara ikasteko gogoa', eta hori, niretzat, hunkigarria da. Horretaz gain, denetarik ikusi dugu, baina diasporan euskarak pizten duen interesa ikustea, zinez harrigarri bezain pozgarria suertatu zait. Euskaltasunaren kontzeptua irekia dela frogatzen duzue Diasporakook ene ustez, argentinarra edo uruguaitarra eta euskalduna batera izanez.

-Euskara euskal kulturarekin batera irakastearen alde zaude, zergatik?

Txikia nintzela, erdal eskolan nengoela, gure garaian –orain asko aldatu da– gaztelaniaz ikasi nuen, eta frantsesa irakasten ziguten. Baina frantses ikasgaia ez zen hizkuntza bakarrik, hizkuntzarekin batera kultura zihoan. Eta normala da, hasten bazara frantsesa ikasten, gako kultural batzuk ezagutu behar dituzu. Eta euskararekin, berdin, eta gainera, beharrezkoagoa ikusten dut. Horrela baldin bada normalizatutako eta ongi babestutako hizkuntzetan eta kulturetan, gurean are gehiago. Euskarak baldintza horiek ez dituenez, orduan plus bat behar da benetan barneratzeko eta interesa izateko.

Izan ere, neuri gertatu zait; ni euskara hogei urterekin ikasten hasi nintzen, gure etxean transmisioa moztu baitzen amatxi-aitatxien belaunaldian. Amak ez daki, aitak zerbait, osaba batek zerbait. Niri gertatu zitzaidana da hamazortzi urte nituela Franco hil zenean, eta beraz, haurtzaro osoa eman nuela frankismo bete-betean, eta hamasei-hamazazpi urterekin deskubritu nuela, ene harridurarako, vasco-a nintzela. Orduan hasi nintzen bueltaka: Zer da hau? Zer da niri ezkutatu didatena, lapurtu didatena? Ohartzen nintzen herrian hizkuntza arraro bat zegoela, toki guztiek baitzuten izena, eta dena zen: Oye, vamos a Hiru Pagota edo Allá en Ohiana handia eta horrelako adibide asko aipatu ahalko nituzke. Orduan pentsatu nuen, ba, italiar batek italiera badaki, eta ingeles batek ingelesa badaki, argi dago vasco batek ezagutu behar lukeela euskara.

Eta hortik hasi nintzen, baina abantaila batekin: hogei urterekin banekien gauza bat, ez nekiela ezer. Eta ez nekienez ezer beti nengoen adi eta ikasi nahian, bai euskara bai euskal kultura. Beraz, irakurriz eta galdetuz joan nintzen ikasten. Hizkuntzalaria ez naizenez, ezta historialaria ere, denetan irakurtzen dut, eta gero irakurritakoa frogatzen saiatzen naiz inguruan; adi egon naiz eta egoten naiz, pertsona nagusiekin batez ere. Eta nire ikasprozesutik ikasi dut herri baten kultura ezagutzeak motibatu egiten duela hizkuntza jakiteko.

Lotura interesgarriak

Pamiela Argitaletxea, Iruñea
www.pamiela.org

Xamarren herria, Garralda, Wikipedian
http://eu.wikipedia.org/wiki/Garralda

Xamar, Wikipedian
http://eu.wikipedia.org/wiki/Xamar

Aezkoa ibarreko webgunea
http://www.aezkoa.net/hasiera.htm



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia