euskal diaspora eta kultura
2008/09/17
PUBLIZITATEA
Tokio, Japonia. Nihon Basuku Yukoikai elkartea 2006ean jaio zen, Yuichi Shimanuki japoniarraren futbol zaletasun eta euskaltzaletasunari esker. Istorioa 1976ean jarri zen abian. Urte horretan, Artean unibertsitateko ikaslea zen Shimanuki Bizkaiko Barakaldo futbol taldera heldu zen, kirol mota honi buruzko lan bat egiteko. Hiru urte beranduago klubera bueltatu zen, baina oraingoan jokatu eta futbolari profesionala bihurtzeko asmoarekin. Ametsa ez zuen bete, baina Shimanuki-k azaltzen duenez 'Algortan eman nituen lau urte haiek ahaztezinak izan ziren. Garai hartan Euskal Herria ur beroa bezala irakiten zegoen eta askatasunaren aldeko mugimendua ikusi ahal izan nuen', agertu dio EuskalKultura.com-i.
Esperientziak marka utzi zion, batez ere euskaldunen abegitasunak eta egin zioten harrera onak. 'Euskal Herria nire bigarren aberria dela esan dezaket', azaltzen du. Hori dela eta, 2006ean azkenik, elkartea sortu zuen, eta bi urte beranduago 70 lagun pasexe bilduak zaizkio taldera. 'Orokorrean gaur egungo japoniarrek euskal gastronomia ezagutzen dute, hemengo aldizkarietan eta telebistan azaltzen delako. Zoritxarrez Euskal Herriaz gutxi dakite, bakarrik 'Guernica' (Picassoren margo ezaguna) eta gastronomia', insistitzen du. Berarentzat, aldiz, euskal ohiturak eta usadioak oso interesgarriak dira. 'Euskaldunek eta japoniarrek gure tradizioa mantendu egiten dugu', aipatzen du.
Japoniar jaia Bilbon
Momentuz elkartearen jarduna webgunearen bidez egiten dute, Euskal Herriari buruzko informazioa japonieraz emanez. Euskaraz ez oraingoz, baina gazteleraz aldiz eskaini nahi dute zerbitzu hau, Japoniari buruz jakinmina duten Euskal Herriko erdal hiztunentzako. Datorren urtera begira elkarteak jauzi kualitatiboa eman nahi du eta 'Japoniar Jaia' egin nahi dute Bilbon, apirilean. Bertan kaligrafia eta arte martzialen erakustaldiak, te, sushi eta sake dastaketak... eskaini nahi dituzte.
Etorkizunerako, Shimanukik bere ametsa egunen batean Euskal Herriko bisitariak hartu eta euskal kultura zabalduko duen euskal etxe bat egitea dela onartzen du.
Japoniar euskalduna
Elkarteko beste kide bat Hagio Sho da, euskaltzalea, eta gainera euskalduna. Ez da erraza euskara ikastea Japonian, baina Shok Tokioko Waseda Unibertsitatean egin zuen, Suzuko Tamura irakaslearekin. 'Bera Euskal Herrian egona zen eta Japoniara bueltatzerakoan euskara ez ahazteko klase hauek irakasten hasi zen. Nik ikastaroa bost urtez egin nuen eta gero Euskal Herriko barnetegietan osatu nuen ikasitakoa', azaltzen du. Gaur egun, euskara lektoretzak daude Wasedan eta Osakako Kansas Gadi unibertsitate japoniarretan.
Euskararekiko interesa jakinminagatik sortu zitzaion Shori. 'Askotan entzuna nuen Ekialde eta Mendebaldearen artean desberdintasun asko zeudela eta horrek kulturen arteko desberdintasun horiek ezagutzeko grina sortu zidan. Eta gainera, Japoniako eskoletako testu liburuetan Euskal Herriko hizkuntzak Europako hizkuntzekin zer ikusirik ez duela esaten da eta Ekialdeko hizkuntz batzuekin zer ikusia baduela, nahiz eta azken hau gezurra izan'. Orain, agian mito eta zalantza horiek argitzeko, Euskal Herriari buruzko liburu bat ari da prestatzen, Japoniako argitaletxe batek eskatuta.
Nihon Basuku Yukoikai elkarteari buruzko informazio gehiago, bere webgunean, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus