euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New Yorkeko sukaldaritza ikasle talde bat Hondarribian izan da euskal gastronomia zuzenean ezagutzeko

2008/03/03

Ikasleak San Fermin Berria ontziko tripulazioarekin
Ikasleak San Fermin Berria ontziko tripulazioarekin

PUBLIZITATEA

Bisitaldia oso zalapartatsua eta bizia izan zen: goizean goiz jaiki eta 6:45tan hitzordua zuten Hondarribiko lonjan arrainaren deskargatzea zuzenean ikusi ahal izateko. Ondoren San FerminBerria ontzira igo eta itsasora atera ziren eta eguna borobiltzeko pastelgintza lantegi batean ere izan ziren. 'Ikasleek egun hau bidaiko onenetarikoa izan dela diote', azaldu dio EuskalKultura.com-i Joseba Encabo irakasleak. Encabo irundarra da eta Estatu Batuetan bizi da orain dela hogei urte. Bera izan da New Yorkeko The Culinary Institute of America zentroko 20 ikasle Euskal Herrira ekarri dituen bidaiaren antolatzailea.
The Culinary Institute of America goi eskolako ikasle talde batek bisita egin zuen joan den ostiralean Hondarribira, europar gastronomia ezagutzeko ikas bidaia baten barruan. Taldearen buru euren irakaslea Joseba Encabo irundarra zuten, bidaiaren antolatzailea. Bidaiak hiru aste iraungo ditu eta gastronomia desberdin ugari gertutik ezagutzeko aukera emango die ikasleei. 'Duela urte asko buruan nuen proiektua da hau eta azkenean iaz egin ahal izan genuen lehen aldiz. Aurten astebete daramagu dagoeneko bidaiatzen eta datozen egunetan Burgos, Valladolid, Salamanca, Sevilla, Katalunia... bisitatuko ditugu', azaltzen du. Bidaian 22 eta 23 urteko sukaldaritza ikasle gazteek mahastiak, jatetxeak, gaztandegiak... ezagutuko dituzte, datuak jasoaz gero euren tesia egin ahal izateko.

Hondarribiko bisitaldian gazteek zuzenean ikusi eta bizi ahal izan zuten arrainak itsasotik jatetxera egiten duen bidearen zati bat. Hondarribiko lonjan ontziak noiz etorriko zain egon ziren eta gero berdela nola deskargatzen zuten ikusi zuten. Ondoren San Fermin Berria ontzian itsasora atera ziren. Jarraian Kai-Alde gozodendako lantegia bisitatu zuten. 'Asko eskertzen dute janarien katean lan egiten duen jendearekin egotea, produktuak eskuratzen dituztenetik hasi eta prestatzen dituztenengana iritsi arte', azaltzen du Encabok. 'Euskal gastronomiaren benekotasunarekin eta osagaien kalitatearekin harrituta daude. Ez dute New Yorkera bueltatu nahi!'.

[Ikasle estatubatuarrak Hondarribiko lonjan berdelaren deskargan laguntzen]

[Joseba Encabo (eskubian) San Fermin Berriaren leman, Juan Carlos Errazkin patroiarekin]

Hogei urte New Yorken

Encabo New Yorken bizi da orain dela 20 urte eta azken hamabost urteetan The Culinary Institute of America zentroko irakaslea izan da. New Yorkeko jatetxe ezagunetan lan egin izan du, adibidez, Maritxu euskal jatetxean. 'Euskal gastronomiak sekulako interesa sortzen du han', azaltzen du, bere ikasle batzuk Pedro Subijana eta Andoni Luis Aduriz bezalako sukaldari garrantzitsuekin praktikak egiten ari direla harro gehituz.

[Koldo Díaz, Kai Alde gozodendako artisaua, ikasleei bere lanaren nondik-norakoak azaltzen]


Lotura interesgarriak

Hondarribiari buruzko informazio gehiago
www.hondarribiaturismo.org

The Culinary Institute of America, New York
www.ciachef.edu


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia