euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txikiteoan ibili ziren mila lagun New Yorken, Txikifest txakolin azokaren laugarren edizioan

2014/05/15

Zozketan irabazitako txikiteorako edalontziarekin pozik agertu zen lagun hau (argazkia Txikifest.com)
Zozketan irabazitako txikiteorako edalontziarekin pozik agertu zen lagun hau (argazkia Txikifest.com)

PUBLIZITATEA

Aurten ere arrakastatsua izan da Txikifest, New Yorkeko Txakolinaren Azoka eta mila lagundik gora bildu ziren Txikito jatetxearen ondoan egin zen jaira. Izan ere, azoka festa bilakatu zen, urtero bezala, Manhattanera Euskal Herriko giro eta bizitasun apur bat ekarriz. Azokaren eremuan 17 txakolin marka desberdin dastatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek --ezin den-denak probatu, baina, bestela a zer nolako atxurra!-- eta gainera, tragoari laguntzeko New Yorkeko hamar jatetxe ezagunek prestatu zituzten mokautxoak jan ahal izan zituzten. Antolatzaileak, Eder Montero sukaldari bilbotarra eta bere emazte Alex Raij sukaldari newyorktarra pozik agertu ziren aurtengo festaren arrakastarekin.

New York, AEB. Laugarren Txikifest Txakolin Azokak mila lagundik gora bildu zituen Chelsea auzoko Txikito jatetxearen ondoko kalera. Bertan egin da azken lau urtetan txakolinaren azoka hau eta urtetik urtera gero eta jende gehiago urbiltzen da bertara. Aurten sarrerak agortu egin ziren eta sartu ezinik gelditu ziren hainbat lagun.

Jaiaren antolatzaile izan ziren beste behin ere Eder Montero eta Alex Raij sukaldariak, Txikito jatetxearen jabeak. Festari sostengua eman zioten hainbat erakundek eta elkartek, horien artean Bilbao Bizkaia Turismo eta BilbaoHistoriko. Festan bildu zen dirua ‘Edible Schoolyard NYC - ESYNYC’ gobernuz kanpoko erakundearentzat izan zen; New Yorkeko inguru pobreetako eskola publikoetan elikadura osasuntsua eta herri baratzak sustatzen dituena.

Txikiteoa Manhattanen

Festak jendez mukuru bete zuen Txikifesteko gunea. Bertan 17 txakolin marka desberdin dastatzeko aukera izan zuten partehartzaileek eta zintzurra bustitzearekin batera sabela betetzeko New Yorkeko hamar jatetxek prestatu zituzten mokautxoak izan ziren dastagai.

Txikifest NY 2014 3

[NYko jatetxeek prestatu zituzten kutixiek txakolinak adina arrakasta izan zuten (argazkia Txikifest.com)]

Bertaratu zirenen artean euskal komunitateko kideak, gastronomia adituak, bloggerrak eta hainbat komunikabide izan ziren, besteak beste Euskal Telebistako kamarak. Eta noski, neoyorktar asko eta asko, euskal gastronomiaz gozatzeko gogotsu.

Zozketak eta opariak 

Euskal herrian egiten diren sagardo eta txakolin egunetan bezalaxe, sarrera tiketa Txikifest 2014 logotipoarekin apainduriko edalontzia izan zen. Logoaren eta festaren kartelaren diseinatzailea Pablo Ugartetxea artista euskalduna izan zen, Leire Gonzalez diseinatzaile grafikoaren laguntzaz.

Txikifest NY 2014

 [Bilbao Bizkaia Turismo erakundearen standa (argazkia Txikifest.com)]

Txikifest NY 2014 2

[Jane Pollard-ek irabazki zuen zozketa nagusiko Bilbora bidaia (argazkia Txikifest.com)]

Informazio eta argazki gehiago Txikifest-en webgunean.


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia