euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New Yorkeko Euzko Etxeak zanpantzarren soinuarekin ospatu zuen Aberri Eguna

2013/04/05

Berriozargo zanpantzarrek zur eta lur utzi zituzten Brooklyn auzoko newyorkatarrak (argazkia Koitz)
Berriozargo zanpantzarrek zur eta lur utzi zituzten Brooklyn auzoko newyorkatarrak (argazkia Koitz)

PUBLIZITATEA

Aberri Eguna New Yorkeko euskal komunitatearen urteroko hitzordurik nagusienetakoa da eta lagun asko biltzen ditu Euskal Etxera. Aurtengoa, jendetsua izateaz gain, oso hunkigarria izan da, elkarteak 2013an Mendeurrena ospatzen duelako. Hori dela eta, zuzendaritzak gonbidatu berezi eta zalapartatsuak ekarri zituen iragan igandean, Nafarroatik zuzenean: Berriozargo Zanpantzarrak. Joaldun taldea aurrenekoz izan zen Sagar Handian, eta irudi ahaztezinak utzi zizkien newyorktarrei.

New York, Estatu Batuak. Eguerdiko hamabietan, New Yorkeko apezpiku laguntzaile Josu Iriondok eman zuen meza elizkizunaren ostean, Berriozargo Joaldunak Eusko Etxearen egoitzatik atera eta, elkarteko bazkideek lagunduta, Brooklyneko Greenpoint auzoan barrena abiatu ziren. Joareen soinuak auzoko kaleak bete zituen, kalejirarekin topo egin zuten newyorktarrak txundituz.

Zanpantzar taldearen jantziek eta, batez ere, txanoek auzoko biztanleek harridura eta jakinmina piztu zuten, eta askok euren kamera edo mugikorrekin argazki andana atera zieten joaldunei. Beste batzuk kalejirarekin bat egin zuten, zuzenean gozatu ahal izateko Berriozargo neska-mutilek sortu zuten giroa eta erritmo bitxia.

NY Aberri Eguna Zanpantzar 2013

[Zanpantzarrak Brooklyngo kaleetan barrena, a ze giroa! (argazkia Koitz)]

McCarren parkera heldu zirenean, Greenpoint eta Williamsburg auzoak elkartzen diren puntuan, Joaldunek Euzko Etxerako bidea hartu zuten berriz, zintzarrien soinuak lagunduta. Arratsaldean, Iñaki Lete sukaldariaren bazkariaren ostean, Euzko Etxeak elkarteko presidente izandakoei omenaldi hunkigarria egin zien.

Egungo presidente Aitzol Azurtzak plaka oroigarri bana eman zien azken urteetan elkarteko buru izan diren hiru lagunei: Juan Angel Landabururi (1998 eta 2001 artean presidente) --haren emazte Mari Luz Landaburuk jaso zuen plaka, senarra Euskal Herrian zelako--; Luis Foncillas Etxeberriari (2003-2005) eta Itziar Albisuri (2005-2013). Zachary Berhau (2001-2003) ezin izan zen bertan izan osasun arazoengatik.

NY Aberri Eguna 2013

[Zinez hunkigarria izan zen Euzko Etxeak azken hamarkadetan izan dituen presidenteei omenaldia (argazkia Koitz)]

Harro agertu ziren hiruak omenaldi honengatik eta, batez ere, New Yorkeko Euzko Etxearen historiaren parte izateagatik. Elkartea AEBetan sortu zen lehen euskal etxea da --1913an-- eta bere ibilbidea "biziraupen istorio bat izan da, Euskal Herriarena eta euskararena bezalaxe", presidente ohiek EuskalKultura.com-i azaldu ziotenez. Halarik ere, elkarteak etorkizun ona duela iragarri zuten. 

Ospakizun eta aldarrikapen egun hau Iñaki Lete sukaldariak prestatu zuen afari bikainarekin biribildu zuten bazkideek, eta festa goizaldeko ordu txikiak arte luzatu zen, giro ederrean. Urtero legez, Berriozargo bisitariez gain, Euskal Herritik etorritako beste zenbait lagun ere izan ziren ekitaldian: Donostiatik, Mungiatik edo Durangotik heldutakoak, besteak beste.

Ohiotik etorri zenik ere izan zen: Justin Doyaga, bere emaztea eta haien hiru semeak, jatorriz New Yorkeko euskaldunak, baina orain pare bat urte estatu horretara bizitzera joanak. Horrela, Doyagatarren hiru belaunaldi bildu ziren festara, Emilia Doyaga buru.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia