euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New Yorkeko Euzko Etxeak euskal herritartasun arragoa aldarrikatu zuen bere lehen Aniztasunaren Asteburuan

2015/10/21

Jendetza bildu ez bazen ere, pozarren agertu ziren antolatzaileak lehen edizioarekin (Argazkia: Koitz)
Jendetza bildu ez bazen ere, pozarren agertu ziren antolatzaileak lehen edizioarekin (Argazkia: Koitz)

PUBLIZITATEA

Urriko bigarren asteburuan, 9tik 11ra, lehendabiziko Aniztasunaren Asteburua antolatu zuen New Yorkeko Euzko Etxeak. Gayaldi festibalaren eboluziotzat har daitekeen jaialdi honek euskal herritar izateko definizio bakarra ez dagoela aldarrikatu nahi du, Aitzol Azurtza antolatzaileak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Ospakizunez eta festaz aparte, ekintza kulturalak ere hartu zituen barne hiru eguneko programak.

New York, AEB. Bi film emanaldi, liburu aurkezpen bat eta argazki erakusketa bat ere programa barnean, 2012an sortutako Gayaldi festibala Aniztasunaren Asteburua bihurtu da, New York-eko Euzko Etxean. “Iban Ubarretxenak, (Euzko Etxeko) presidenteak, kontzeptua sexutik harago eramatea proposatu zuen eta denoi gustatu zitzaigun ideia”, esan du Aitzol Azurtza antolatzaile eta presidente ohiak. “Ez da gay eta lesbianen aldarrikapena soilik, emakumeen eskubideak, arraza desberdinenenak… Edonon jaiota ere, euskal herritar izan zaitezkela aldarrikatu nahi dugu. Gurasoak edonon jaiotakoak izanda, azalaren kolorea edozein izanda... Helburua bilkorrak izatea da, inor baztertu gabe”.

 

Hurbildutakoei erakutsitako bi filmak Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren 80 egunean eta Ibai Vigil-Escalera-ren Mama, please forgive me (Barkaidazu, mesedez, ama) izan ziren. Lehenengoa, hirugarren adineko bi emakumeren sexualitateari buruzko fikziozko istorioa da eta, bigarrena, New York-en bizi den gazte baten gora-beheren inguruko dokumentala. Garaño eta Goenagaren pelikularen ostean, mahai-ingurua antolatu zuten ere.

 

Koitz argazkilari nafarraren Brock in a dress ("Brock, soineko bat jantzirik" --lanak, toki desberdinetan paratuta, emakumezko soinekoekin jantzitako gizonezkoa erakusten du--) erakusketaren aurrerapenak interes handia piztu zuela esan du Azurtzak, lana goraipatzearekin batera: “Oso erakusketa interesgarria da. Indartsua eta esanguratsua. Fire Island-en inguruko erakusketako argazkiak ikusgarriak ziren, baina hauek txundigarriagoak eta sakonagoak dira. Argazki bakoitzak norberak topatu behar duen istorioa dauka”. Erakusketak harrera beroa izanagatik amaitu bakoa da oraindik eta, artistak berak azaldu lez, bizpahiru urte gehiago beharko ditu garabidea izan eta azken forma hartzeko.

 

‘Begirada ausartak’

 

Euskal Herrian iaz aurkeztutako Begirada ausartak liburua ere eman zuten ezagutzera festibalean. Euskal Herriko LGTB mugimenduaren parte diren Aldarte eta EHGAM taldeen lan honek Francoren garaiko homosexualen benetako istorioak kontatzen ditu. Aurkezpenean, Ramon Aizarna zarauztarrak egin zuen berba, 62 urteko gizona, duela hiru hamarkada lekualdatutakoa zeru-arraskarien hirira baina, horren aurretik, diktaduraren homofobia pairatu zuena.

 

Berbaldi interesgarria sortu zen aurkezpenean, garai ilun haietan homosexualen superbibentziaren inguruko jakin-mina agertu baitzuen jendeak. Nola ligatzen zuten? Non batzen ziren? Nola zekiten beste pertsona ere homosexuala zela? Eta liburuaren izenburuak berak laburbiltzen duen legez, begiradek, begirada ausartek ematen zuten beharrezko informazioa. "Bazen ezkutuko hizkuntza bat diktadurapean, nazio askapenaz baino harago zihoana".

 

Larunbat gauean etorri zen Aniztasunaren Asteburuaren sorburu izan zen Gayaldia. 22:00etan hasita, goizaldeko ordu txikietara arte bihurtu zuten dantzaleku Euskal Etxea. Aurten, ordea, go-go dantzaririk ez zen egon, 2012ko lehen edizioaren ostean klubeko bazkide batzuk ez baitziren horrekin ados agertu.

 

Biharamunean, Euzko Etxeak berak prestatutako igandeko herri afariarekin eman zioten amaiera Aniztasunaren Asteburuari. Hurbildutako gehienak estatubatuarrak izan zirela azpimarratu du Azurtzak eta, nahiz eta bestela jendetza handirik ez bildu, pozik agertu da antolatzaile gisa, eta datorren urtean berriz ere antolatzeko gogotsu: “Urtero egin behar dugu, oinarrizko aldarrikapena eta izen berria mantenduta”.

 

Aldarrikapen berbak

 

Euzko Etxea-ko lehendakari ohi den Azurtzak, festibal honen inguruko gogoeta batekin bukatu du: “Jaialdi honek, LGTB mugimenduari baino euskal komunitateari bere kideak diren moduan onartzen laguntzen diola esango nuke. Euskal herritarrak ez direla homogeneo eta kolorebakarrak ulertzen laguntzen dio. Eta aldarrikapen horrekin, emakumeen eskubideei ere laguntzen dio, mugimendu politikoei ere, baina bai eta elbarria denari edo beste zenbait jende motari ere. Gure euskal etxean ez dago elbarririk baina egongo balira, nola tratatuko genituzke? Jaialdi honek kontzientzia sorrarazi eta indartzea du helburu. Ameriketako euskal etxe batzuetan euskal herritar edota euskal-amerikar izatearen inguruan izan dezaketen ikuspegi murritza gainditu nahi du. Aniztasunaren Asteburua urtero egin behar dugu, jendearen gogoari astindua eman eta begiak irekitzen laguntzeko”, bukatu du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia