New York, AEB. Estatu Batuetako euskal etxeen artean sortzen lehena izan zen 1913an New Yorkeko Euzko Etxea eta festa girotu eta jendetsu batekin ospatu du bere 111. urteurrena, azaroaren 17an, Eckford Streeteko bere egoitzan. Jaiaren leloa "iraganari, orainari eta etorkizunari gorazarre" aukeratu zuen eta bertaratu ziren lagunek ondo baino hobeto bete zuten asmoa, erakundea sortu zutenak gogoratuz eta gaur egungo kideei proposamen interesgarriak eskainiz.
Ospakizun programa dantza tailer arrakastatsu batekin hasi zen. Hogeitik gora lagunek hartu zuten parte ekimenean, hainbat jauzi, fandangoa eta Aurreskua pare bat orduz ikasi eta praktikatzeko. Bazkaltzeko, Vicent-ek –etxekoek “New Yorkeko ez, munduko, sukaldaririk onenak” aurkeztu zuten erdi txantxetan erdi serio, edonola ere esker oneko– hiru paella prestatu zituen eta Xabierrek ‘Basque cheesecake’ batzuk, dena 70 pertsonarentzat.
Euskal dantza tailerra Etxeorratzen Hirian 111 bete dituen Euzko Etxea of New York-en (EENY)
Euskal Etxeko sukaldariak eta euren paellak, "New Yorkeko ez, munduko onenak", iragarri zuten
Mus Txapelketa eta patxarana ezin falta honelako euskal bilkura eta ospakizun batean
Aitziber Buque Martinez lehendakariak EENYeko euskal komunitateko erreferentzia eta Euzko Etxeko fundatzaile burua izan zen Valentin Agirre busturiarra gogoratu zuen baita EEa ahalerazi eta bizia eman dioten etorkin eta partaide guztiak ere
Arratsaldeko 4ak aldera, bazkalostea eta jaiari modurik egokienean amaiera ematen hasteko, Mus Txapelketa antolatu zuten, Jagobaren eskutik. Proposamen irekia zen, euskal etxeko bazkide ez zirenei ere zuzendua, eta euskal giroa are osoagoa izan zedin, patxarana eskaini zitzaien muslariei.
Biltzar nagusia, abenduan
Urte bukaerari begira, New York-eko Euzko Etxeak sasoin honetan egin ohi du bere Urteroko Biltzar Nagusia eta oraingoan ere hala iragarri dute, batzar orokorrerako deia bertan luzatuz, izan ere abenduaren 8an, igandea, arratsaldeko 3etan, euskal elkartearen egoitzan.