euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New Yorkeko Euzko Etxea egitarau zabala ari da prestatzen 2013an zehar Mendeurrena ospatzeko

2012/10/26

1940ko Urtezahar Gaueko afaria New Yorkeko Euzko Etxean
1940ko Urtezahar Gaueko afaria New Yorkeko Euzko Etxean

PUBLIZITATEA

New Yorkeko Euzko Etxea AEBetan sortu zen lehendabiziko euskal elkartea izan zen, 1913ko urriaren 13an. Datorren urtean beteko den Mendeurrena data gogoangarria da Ipar Ameriketako euskal komunitate osoarentzat, eta elkarteko kideak egitarau zabala prestatu dute 100 urteak ospatzeko. Adibidez, sarean da jada euskal etxeak sortu duen Mendeurreneko webgunea; bertan elkarteko argazki historikoak daude ikusgai eta Mendeurreneko ekitaldien eta albisteen berri ematen da. Horrez gain, euskal etxeak urtean zehar egingo dituzten ekitaldi nagusiak iragarri dizkio EuskalKultura.com-i.

New York, AEB. New Yorkeko Euzko Etxea (EENY) elkartean Mendeurrena datorren urteko urriak 13an ospatuko da, baina elkartea hasi da jada egun handirako giroa berotzen. Datozen hamabi hilabeteetan makina bat jarduera egingo dira Euzko Etxean, eta horiei hasiera emanez bihar bertan Koitz Foncillas kazetari nafarraren argazki erakusketa inauguratuko da Brooklyn-eko elkartearen egoitzan.

Erakusketaz gain, kultur jarduera zabala ari da prestatzen Euzko Etxea, eta oraindik data eta ekitaldi batzuk zehazteko badaude ere, elkarteak hitzordu nagusiak zeintzuk izango diren iragarri dizkio EuskalKultura.com-i. Hasteko, datorren martxoaren 31n, Aberri Eguneko urteroko bestaren baitan, elkarteko lehendakari ohiei eta gaur egungoei omenaldia egingo diete bazkideek.

Euskaldunak New Yorken

Urrian New Yorken euskaldunek izan duten presentzia eta eraginari buruzko mintegia ari da prestatzen euskal etxea. Elkartearekin lankidetzan NYko Columbia University, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Eusko Ikaskuntza ariko dira. Eusko Etxeak azaldu duenez, antolakuntza batzordeko arduradunak dira Oscar Alvarez Gila (UPV-EHU) eta Jose Moya (Barnard College, NY) historialariak. Topaketan AEBetako eta Euskal Herriko unibertsitateetako historialari eta adituek parte hartuko dute: UPV-EHU, Columbia, Reno (Nevada) eta Boise State University, EENYko kide batekin batera,

2013 urteko beste hitzordu garrantzitsu bat NABO Fall Meeting delako izango da: Ameriketako euskal elkarteen federazioaren udazkeneko bilkura, alegia. Aurten New Yorken egingo da topaketa, urriaren 12an, eta EENY euskal etxeak antolatuko du. Bileraren baitan Anna Mari Aguirrek federazioaren “Bizi Emankorra” saria jasoko du, bizitzan zehar euskal kulturaren alde AEBetan egindako lanarengatik.

Basque Piknika Manhattan-en

Ospakizunen egun nagusia urriaren 13a izango da, Mendeurrenaren eguna. Euskaldunak hiriko kaleetara aterako dira eta goizean, erromeria eta Euskal Piknika egingo da Manhattanen. Gauean Mendeurreneko Gala izango da Euzko Etxearen egoitzan, eta, elkarteak agertu duenez, Euskal Herriko zein New Yorkeko goi mailako ordezkariak bertan izango direla espero dute, besteak beste Lehendakaria eta hiriko alkatea.

Mendeurreneko afarian elkartearen sortzaileei omenaldia egingo die euskal etxeak. Afariaren ondoren dantza erakustaldia eta kontzertua eskainiko dute Urki Dantza Taldeak eta Noka talde euskal-kaliforniarrak. 

-EENYren Mendeurrenaren webgunea, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia