New York, AEB. Astelehenean, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria buru duen ordezkaritzak --Eva Blanco, Txarli Prieto, Cristina Macazaga eta Iñigo Iturrate mahaikideak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria partaide-- Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordearen 62. edizioko irekiera zeremonian parte hartu zuen eta bertan zeuden gainerako ordezkaritzetako batzekin bildu eta harremandu zen, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorraren helburu konpartituan aurrera egitera laguntzen dituzten esperientziak trukatzeko. Gogoratzekoa da NBEko Emakumeen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzorde hau dela, esklusiboki genero berdintasunaren eta emakumearen ahalduntzearen alorra jorratzen duen gobernuarteko nazioarteko organo nagusia. Lan erabakigarria egiten dihardu emakumeen eskubideak sustatzen eta nazioarteko arauak idazten.
Legebiltzarreko Mahaia Aili Keskitalo Norvegiako Sami Parlamentuko lehendakariarekin eta Europa Iparraldeko Kontseiluarekin (Nordiska rådet-ekin) ere bildu zen, esan nahi baita Ipar Europa osatzen duten bost estatuen --Islandia, Danimarka, Suedia, Finlandia eta Norvegia-- eta Faroe Uharteak, Groenlandia eta Alanda eskualde autonomoen arteko kooperazio elkarteko kideekin. Baita ere Nazio Batuak-Emakumeen "I Know Politics" proiektuko koordintzailearekin eta UNDeko (Garapenerako Nazio Batuetako Programa) ordezkariekin.
Euskal hautetsiak New Yorkeko euskal etxeko Zuzendaritza Batzordearekin ere batu ziren, Estatu Batuetako euskal etxeen artean zaharrena den Eusko Etxea of New York elkarteko ordezkariekin, NABO Ipar Ameriketako euskal erakundeen federazioko kidea berau, 1913tik Etxeoratzen Hirian lan euskaltzalean ari dena.
Irailaren 9ko Museo Memorialera bisita ere egin dute, bertako presidente Cilff Channin-ek lagunduta.
Estatu Batuetara egindako osteraren baitan Washingtonera jauzi azkarra egiteko aukera ere izan dute, nazioko Kapitolioan John Garamendi euskal jatorriko kongresukide kaliforniar demokratarekin solasteko. Hautetsi amerikarrak oso baikor iritzi zion Eusko Legebiltzarraren 75 aulkietako 40 emakumeen eskuetan egoteari, Amerikako Batzarrean egoera oso bestelakoa, askoz txarragoa baita.
Topaketan, legebiltzarburuak Izaroa, Euskal Ganberako sinboloaren kopia eman zion Garamendiri, azpimarratuz euskal-amerikar hautetsiaren “Euskadirekiko konpromisoa, bere jatorriko herrialdearekiko kompromisoa ezaguna d(el)a" eta berarekin hitz egin eta iritziak trukatzea aberatsa izan zela oso.
John Garamendik Berkeley eta Harvard unibertsitateetan ikasi zuen. Estatu Batuetako Gobernuko Barne estatu-idazkariordea (ministrordea) izan zen Bill Clinton-ekin, Kalifornia Estatuko gobernadore hautetsia Arnold Schwarzenegger gobernadore zela (Garamendi demokrata, Schwarzenegger errepublikarra) eta bere jatorria barruan sentitzen duen pertsona da. Zenbait aldiz izana da Euskal Herrian, politikari gisa zein familiarekin, azkenekoetako bat 2016ko urtarrilean, Sabino Arana Fundazioaren saria jasotzera.
New Yorkera itzulita, Maltako Berdintasun eta Europako Gaietako ministroarekin eta Giza Eskubideen eta Integrazioko zuzendariarekin ere bildu ziren legebiltzarkideak.
Bidaiari buruz egindako balantze orokorrean, Bakartxo Tejeriak azpimarratu du baliagarria izan zaiela lehen eskutik ezagutzeko “zer egiten ari den munduan eta norantz doan berdintasunen politiketan eta emakumearen ahalduntzea kontuetan”. “Gainera, beste parlamentu batzuen ordezkariekin –Norvegiako, Finlandiako edo Guatemalako ordezkariekin- eta erakundeekin aldebiko bilerek Euskadin garatzen ari garen ekimenak azaltzeko aukera eskaini digute” gehitu du.
“Asko aurreratu da azken hamarkadetan baina oraindik asko dago egiteke emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna erreal eta eraginkorra izan dadin”, ondorioztatu du Eusko Legebiltzarreko buruak.