euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New Yorkeko Eusko Etxeak Oreka TX-eko txalapartariak errezibitu eta Nomadak TX filma eskainiko du larunbatean

2007/11/07

Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez de San Vicente Oreka TX-eko partaideak (argazkia cinefforum)
Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez de San Vicente Oreka TX-eko partaideak (argazkia cinefforum)

PUBLIZITATEA

Igor Otxoak eta Harkaitz Martinez de San Vicentek, Oreka TX taldeko txalapartariek, New York-era bidaiatu eta bertako Eusko Etxea bisitatuko dute datorren asteburuan. Larunbatean, hilak 10, euskal perkusio instrumentua bilakatuko da Eusko Etxeko protagonista. Lehenengo 'Nomadak TX' dokumentala eskainiko dute eta ondoren Oreka TX taldea arituko da zuzenean, bitartean pintxoak dastatzeko aukera egongo delarik. Igandean, berriz, 'Nomadak TX' filmak New Yorkeko Margaret Mead Film eta Bideo Jaialdia itxiko du.
New York-eko Eusko Etxeko ateak arratsaldeko bostetan irekiko dira txalapartari eskainitako jardunaldiari hasiera emateko. 'Nomadak TX' dokumentalaren emankizunarekin hasiko da ekitaldia. Lan honek Oreka TX-eko musikariek munduko leku desberdinetara egindako bidaiak jasotzen ditu eta topatu dituzten kultura anitzekin trukatu duten tradiziozko musika. Ondoren barrenak asetzeko aukera diferente bat emango dute pintxo goxoek, Oreka TX-ek kontzertua eskaintzen duen bitartean. Eusko Etxea gaueko bederatziak arte egongo da zabalik.

Oreka TXeko kideak Euskal Etxe batean kontzertua emango duten lehenengo aldia izango da honakoa. Filma Seattlen aurkeztu zutenean bertako euskal etxeko zenbait kide izan ziren estreinaldian baina txalapartari bikoteak ez du sekula euskal egoitza bat bisitatzeko aukera izan. Igor Otxoak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, orain 'bira bat antolatu nahian gabiltza Ipar Ameriketako euskal etxeetan'. Datorren udazkenean egiteko asmoa dute.

Margaret Mead jaialdia itxiko du

Igandean, berriz, Nomadak TX-ek Margaret Mead Film & Video Festival jaialdi ospetsua itxiko du New Yorken arratsaldeko zazpi t'erdietan. Amaierako gala Etxeorratzen Hiriko American Museum of Natural History-n egingo da eta Oreka TXek bere txalaparta erritmoekin hartu du parte bertan.

Bi taldekideek telebistan agerraldi txiki baina emankor bat egiteko astia aterako dute New York-eko egonaldian. Larunbaterako hitzordua finkatuta dute jadanik WAB-TV kateko goizeko albistegian, EuskalKultura.com-i agertu diotenez. Julen Abio Eusko Etxeko kide aktiboa eta New Yorkeko telebista munduko profesional eskarmentuduna lagun egingo dute bisita.


Lotura interesgarriak

Nomadak TX webgunea
www.nomadaktx.com

Margaret Mead Fim & Video Festival
www.amnh.org

Nomadak TX film onenaren saria SilverDocks jaialdian
Euskalkultura.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 23an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia