New York, AEB. New Yorkeko Eusko Etxea hobekuntza eta egokitze lanak egiten ibili da azken boladan bere egoitzan, eta horri loturik, berri berezi eta pozgarri batez datorkigu, izan ere ideia on bati gauzapen are politagoa eman baitiote. Eusko Etxeko Zuzendaritza Batzordeak, 1990tik hirian finkatuta dagoen Gillermo Zubiaga marrazkilari eta margolariari hormirudi bat egitea enkargatu zion, eta honek lanaren proiektua aurkeztu du dagoeneko, muntaia birtuala gisa. Eta ederra ikusten dela behar da esan, Euskal Herriko herri kirolari eta irudi tradizionalen inguruan, EE barneko paretak baliatuz.
Sorkuntza lana eginda, proiektua hormetara pasatzea geratzen da orain, eta hori izango da berehala hasiko den hurrengo urratsa
Lerro hauetatik, zorionak Eusko Etxean ideia bultzatu dutenei, Zuzendaritza Batzorde eta bazkideei, eta Zubiaga artista bizkaitarrari, bete-betean asmatu baitute eta zalantzarik gabe ekarpen baliotsua erantsi baitiote New Yorkeko euskaldunen biltoki den Eckford kaleko egoitzari.
[New Yorkeko Euzko Etxeak bat egiten du honela azkenaldian euren paretak muralez jantzi dituzten euskal etxe eta komunitateekin, tartean Chubut Iparmendebaldeko Euskal Etxearekin, Trelew-en; Irantzu Lekuek Neuquen eta Mendozan eginikoekin; Misionesko Corpus Christikoekin; Judas Arrietaren muralekin Boisen eta hiri honetako euskal muralaren zaharberritzearekin; Mikele Irazustak Bahia Blancan egindakoekin eta Union Vascan bertan Patri eta Mikik margotutako Gernikako Arbolarekin; Montevideoko Euskaro Etxeak margotutako Picassoren Guernicarekin, edo Floridakoarekin; La Platako Euzko Etxeko muralarekin, edo Tres Arroyoskoarekin...]