New York, AEB. New Yorkeko Eusko Etxeak aste honetan adierazi du 'penaz baina hala egin beharrean', bertan behera gelditu dela Eusko Etxeak erakunde gisa Puerto Rican Day Parade edo Puerto Rico Eguneko kabalkada edo desfilearen barne iragarri zuen partaidetza. Jesus Galindez Eusko Etxea-ko bazkide eta Eusko Jaurlaritzak hirian izan zuen ordezkariaren ohoretan nahi zen parte hartu, orain ia 52 urte Trujillo diktadore dominikarraren aginduz desagertu zen politikari euskalduna izan baitzen desfilea sustatu eta eragin zuenetako bat. Lan dexente eskatzen duen jarduna da partaidetza, eta Eusko Etxea-ko bazkideen aldetik erantzun nahikoa bildu ez izanak ekarri du partaidetza bertan behera geratzea.
Julian Abio New Yorkeko euskal elkarteko buruzagitzako kide eta kabalkadan parte hartzea gehien bultzatu duenetakoak esan duenez, ez da erraza izan erabakia hartzea, partaidetza ahalbidetzeko emandako urrats guztien ostean, baina hala ere hori guztia "eskarmentu aberasgarria izan da eta zalantzarik gabe egoera hobean gaude orain datorren urteari begira berriz ere saiatzeko".
Puerto Rican Day Parade edo Desfile del Día de Puerto Rico New Yorkeko kabalkada handienetakoa da eta bi milioi jende inguru bildu ohi ditu urtero Manhattango kaleetan zehar egiten duen ibilbidean. Gaurkoan gauzatuko duen 51. edizioan goizeko hamaiketan ekingo die ekitaldiei Bosgarren Abenida eta 44. kalearen artean, iparraldera eginez 86. kaleraino.
Lotura interesgarriak
New Yorkeko Eusko Etxea
http://www.newyorkbasqueclub.com
Puerto Ricoko Eguneko Kabalkadaren webgunea
http://www.nationalpuertoricandayparade.org
2008ko edizioaren aurreko lekukotasunak
En defynewyork.wordpress.com