euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New Yorkeko Euskal Etxeko kideek Danborrada joko dute lehen aldiz, Gaztelubidekoek oparitutako danborrekin

2008/01/18

Itziar Albisu, New Yorkeko Euskal Etxeko lehendakaria, San Sebastian eguneko ezaugarriak daramatzaten Gaztelubideko ordezkaritzarekin
Itziar Albisu, New Yorkeko Euskal Etxeko lehendakaria, San Sebastian eguneko ezaugarriak daramatzaten Gaztelubideko ordezkaritzarekin

PUBLIZITATEA

Aurten estrainekoz New Yorkeko Euskal Etxeak bere danborrada propioa egingo du San Sebastian Egunarekin batera. Horretarako Sagar Handiko euskaldunek Donostiako Gaztelubide elkarteak oparitutako danborrak erabiliko dituzte. 2006ko urrian soziedade donostiarrekoek Jesus de Galindezen omenez New Yorken eginiko ekitaldietan parte hartu zuten, danborradarekin hain zuzen, eta danborrak oroigarri gisa utzi zituzten Euskal Etxean, bertakoek ere donostiar jairik herrikoiena ospa zezaten. Aurtengoa da lehen aldia baina urte askotako ohitura hasiko dutenaren esperantza dute elkartekoek.
'Beti izan dugu San Sebastian egunerako ospakizunen bat antolatzeko gogoa, baina urtero data horietan elkarteko donostiar eta gipuzkoarrak etxera bueltatzen ziren jai hau zuzenean bizitzeko', azaldu dio EuskalKultura.com-i New Yorkeko Itziar Albisu Euskal Etxeko lehendakariak. Aurten ordea, elkarteak lehen aldiz jai hau ospatu ahal izango du, hein handi batean Gaztelubideko lagunen opari bati esker.

2006ko urrian Gaztelubide soziedade donostiarreko ordezkaritza bat New Yorken izan zen Jesus de Galindez euskal politikariaren omenezko ekitaldietan parte hartzeko. Galindez Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria zen New Yorken baina 1956ean Trujillo diktatore dominikarraren gizonek Manhattanen bahitu eta desagertarazi egin zuten. Bahiketaren 50. urteurrenean Gaztelubideko kideek danborrada jo zuten New Yorkeko Euskal Etxean eta Jose Antonio Salas zuzendariak danbor batzuk oparitu zizkion euskal elkarteari Gaztelubideren izenean. 'Euskal etxeko kide batzuek eurekin batera jo zuten San Sebastian Martxa eta danborrak oparitu egin zizkiguten, berriz ere danborrada jotzeko aukera izan genezan', azaldu du Albisuk.

[Goiko irudian, Gaztelubideko danborrariak New Yorkeko Euskal Etxean]

Aukera hori, baina, ezin izan dute aurtengora arte gauzatu. Aurten San Sebastian bezpera larunbatean tokatu da, elkartearen hileroko afariarekin batera. 'Ezinhobea guretzat, hileroko afariarekin koinziditu du du eta gure bazkide asko etorriko direla uste dut. Gainera, Gaztelubidekoen oparia eskertzeko era onena da', agertu du Albisuk. 'Seguruenik gure menuan ez da angularik egongo, baina zalantzarik gabe giro ederra jarriko dugu. Gora Donostia!'.


Lotura interesgarriak

New York Basque Club
www.freewebs.com/basqueclub

Gaztelubide NYn Galindezen omenaldian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urriaren 16ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia