euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New Yorkeko Euskal Etxeak euskal gazta tarta dastaketa eta 'Saretzen' tailer feminista iragarri ditu Martxoaren 8rako

2025/03/05

Bi ekitaldi desberdin datorren larunbaterako Martxoaren 8rako bere egoitzan: gazta tarta dastaketa eta tailer feminista
Bi ekitaldi desberdin datorren larunbaterako Martxoaren 8rako bere egoitzan: gazta tarta dastaketa eta tailer feminista

PUBLIZITATEA

New York, AEB. New Yorkeko Euzko Etxeak gazta tarta dastaketa eta 'Saretzen' tailer feminista iragarri ditu datorren larunbat arratsalderako, Emakumeen Eguna ospatzeko proposamen gisa, Eckford Street-eko bere egoitzan. Aurreneko hitzordua, arratsaldeko hiruretan ezarri da, bostak arte, eta azken urteetan mundu mailan —eta bereziki Estatu Batuetan— oihartzuna nabaria lortu duen donostiar estiloko postrearen inguruan eratu da, herrialde diferentetako gazta tartak dastatuko baitira, tartean Donostiako La Viña jatetxeko estilo famatukoa. Parte hartzeko txartelak 45 dolarretan daude salgai bazkideentzat (25 online eta beste 20 atean ordaindu beharrekoak), 60 dolar bazkide ez direnentzat (25 online eta beste 35 atean). Hemen eros daitezke. 25 eserleku bakarrik egongo dira, beraz interesa bazenu, ez geroratu zeure erosketa. Edariak mugarik gabe zerbitzatuko dira eta maskotak ekar daitezke, ekitaldia 'pet-friendly' baita.

Bi ekitaldi dira egun berean EENYen: bat gozozaleentzat, eta bigarrena, Martxoaren 8ari eta euskal mugimendi feministari lotua. Erreserba itzazu zure txartelak!

Bigarren ekitaldiak loturarik ez du aurrekoarekin eta egoitza berean egingo da, arratsaldeko seietatik aurrera, bederatziak arte. Mondragon Unibertsitateko ikasleekin  batera antolatu da "Saretzen Workshop" izenpean. Antolatzaileen esanetan "aukera paregabea [izango da] jende berria ezagutzeko eta taldean lan egiteko! Zure sormena eta pentsamendu kritikoa garatuko dituzu, euskal kulturaren eta feminismoaren arteko harremana aztertuko dugu, euskal diasporaren eta beste komunitateen arteko elkarrizketa eta lotura sustatuz. Bat egin gurekin eta izan Saretzengo parte! Bukatzeko networking gune batekin bat egingo dugu pintxo eta edariez disfrutatzen dugun bitartean". Kasu honetan sarrerak 15 dolar balio ditu bazkideentzat eta 20 ez direnentzat (15 online eta gainerako 5ak atean). Txartelak hemen.

Euskal dantza tailerra

Martxo azkenean, bestalde, euskal etxe newyorktarrak euskal dantza tradizional tailer berri bat programatu du, martxoaren 30, larunbata, goiseko 10:30etatik 12:30etara, Euzko Etxearen egoitzan. Prezioa, 10 dolar, erosketa online bakarrik, hemen. Maila guztietako dantzazale eta dantzariek har dezakete parte. 20 pertsonarentzako lekua dago soilik.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia