euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New Yorkeko Columbia Unibertsitateak omenaldia egin zion Agirre Lehendakariari

2010/11/17

Mª Josepa Muñoa, Irune Zuluaga, Joseba Agirre eta Cynthia Young omenaldian (argazkia SabinoArana.org)
Mª Josepa Muñoa, Irune Zuluaga, Joseba Agirre eta Cynthia Young omenaldian (argazkia SabinoArana.org)

PUBLIZITATEA

1941 eta 1946 bitartean bertan irakasle izan zen Jose Antonio Agirre Lehendakariari omenaldia egin zion New Yorkeko Columbia Unibertsitateak joan den ostiralean. Ekitaldia Eusko Jaurlaritzaren lehendabiziko lehendakaria izan zenaren heriotzaren 50. urteurrenaren karira antolatu zuen Unibertsitateak, Sabino Arana Fundazioaren AL50 batzordearen lankidetzarekin. Honekin batera, Columbia Unibertsitateak 'Europako abertzaletasunak diasporan: atzerrira emigratutako euskaldunen, kataluniarren, galiziarren, irlandarren eta poloniarren aktibismo politikoa' izeneko topaketa egin zuen.

New York, AEB. Agirre Lehendakariaren semea, Joseba Agirre, izan zen familiaren ordezkaria ekitaldian eta hunkiturik eskertu zuen gorazarrea. "Ohorea da aitaren izenean munduko unibertsitate ospetsuenetako baten omenaldia jasotzea", esan zuen. Columbia Unibertsitateak aitari "Hitlerren botak zanpaturik zuen Europatik ihes egin eta Estatu Batuetan bizitzeko aukera" eta "urte askoren ondoren lehen aldiz askatasuna, euskaldunentzako hain hitz garrantzitsua dena, arnasteko aukera eman" ziola gogoratu zuen.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari, Guda Zibilaren ostean Agirre eta bere gobernua Frantzian erbesteratu ziren. Naziek Frantzia okupatu zutenean ezkutuan bizi izan bejar izan zuen, azkenean, bidaia zail baten buruan, Berlinetik atera eta AEBetara erbesteratu zen arte. Erbestean Francoren diktaduraren aurka lan egiten jarraitu zuen Agirrek eta New Yorken Columbia Unibertsitatean 'Europar Historia Garaikidea' irakatsi zuen 1941tik 1946ra bitartean.

Ibarretxe ere Columbiara

Politikariaren semeak Agirre "zapata zulatuekin ibiltzetik New Yorken Nobel sariekin bazkaltzera" pasa zela esan zuen eta pozik agertu zen, bere garaian aitak eta Jesus Galindez idazle eta politikariak egin zuten bezala, aurki "Ibarretxe lehendakariak ere Unibertsitatearekin lankidetza hasiko duelako, giza garapenaren inguruko proiektu oso interesgarri bat koordinatuz".

Ekitaldian Joseba Agirreri plaka oroigarri bat eman zioten Columbiako Europar Ikasketen Institutuko zuzendariak, Victoria De Graziak, eta Latinamerikar Ikasketen eta Migrazio Foroaren zuzendariak, José C. Moyak. Bertan izan ziren ere Guillermo Echenique, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkaria, eta Irune Zuluaga, Sabino Arana Fundazioko zuzendaria. Fundazioak Agirreren heriotzaren urteurreneko ekitaldiak koordinatzeko AL50 batzordea sortu du. 

Europako abertzaletasunak Diasporan

Omenaldiaren ostean Columbiako Europar Ikasketen Institutuan 'Europako abertzaletasunak diasporan' gaiari buruzko topaketa egin zen. Euskal, kataluniar, galiziar, irlandar eta poloniar erbesteratuen artean izandako aktibismo politikoa aztertu zuten bertan. Luger Mees Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko katedradunak ireki zuen topaketa, 'Euskal nazionalistak eta errepublikarrak erbestean' hitzaldiarekin. Meesen aburuz, "Aguirre nazionalismoaren buruzagia izan zen, baina baita nazionalista ez ziren euskaldun askorena ere".

Mees-en ostean, Xosé Manoel Núñez Seixas-ek, Santiagoko Unibertsitateko Historia Garaikideko Katedradunak, 'Kataluniar eta galiziar nazionalismoa Kuban eta Argentinan' gaia hartu zuen hizpide. 

Mexikoko maleta

Joseba Agirre New Yorkeko Nazioarteko Argazkilaritza Zentroan ere izan zen, 'Mexikoko maleta' izena duen erakusketa ikusten. Izenburuak aipatzen duen maleta horretan aurkitu zituzten Mexikon, ahaztuta, David Chim Seymour argazkilariak 36ko gudan eginiko argazkiak. Horien artean Seymourrek Agirreri Eusko Jaurlaritzaren egoitza zen Bilboko Carlton hotelean atera zizkion erretratuak daude. Joseba Agirrek, erakusketako komisarioa, Cynthia Young, alboan zuela, argazkietan ordura arte identifikatu gabe zeuden pertsonak eta lekuak ezagutu zituen.

Komisarioak Robert Capak Euskal Herrian eginiko beste argazki batzuk ere erakutsi zizkion Joseba Agirreri, eta honek hainbat lagun ezagutu zituen bertan, adibidez Luis Arana eta Juan Bay Sala margolaria. Bay Salak bere margoak zozketatu egiten zituela, odol ospitalentzako dirua lortzeko, kontatu zuen Agirrek.

Agirre Lehendakariaren heriotzaren 50. urteurreneko ekimenei buruz: AL50 batzordearen webgunea.

 


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia