New York, AEB. New York Times egunkariak aste honetan gomendatzen dituen ingelesezko bederatzi lanetako bat da Katixa Agirreren (Gasteiz, 1981) 'Amek ez dute' edo ingelesezko bertsioan 'Mothers Don´t' izenburua daraman eleberria. Katie Whittemore itzultzaile, Open Letter argitaletxeak uztailean plazaratu berria du eta 15.95 dolar ingurutan eros daitezke argitaratzailearen webgunean, ohiko liburudendetan edo Amazonen. Gaztelaniara, frantsesera, katalanera eta neerlanderara ere itzulia izan da eta filma egiteko eskubideak erosi zaizkio.
Hauxe da NYTen aste honetako gomendioen artikulua, eta Katixa Agirreren lanaz Caherine Lacey-k egunkari berean uztailean argitaratu zuen artikulua. Irakur hemen Garako Amalur Artolak egin zion elkarrizketa liburuaren jatorrizko bertsioa kaleratzean. Hemen elkarrizketa gaztelaniaz Madrilgo El País egunkarian.
Hitz hauekin bukatzen du bere erreseina NYTen Caherine Lacey-k:
"Hilketa, gehienez ere, gizonek bikotekideen edo bikotekide ohien aurka egiten duten zerbait da", itzultzen du Whittemorek, baina "hainbeste jakin-min, hainbeste klik, hain balorazio altuak" pizten dituzten kasuak askotan emakumeek egindakoak dira. Agirreren eleberriak argudiatzen du ama gaiztoaren edo baita ama axolagabearen ideiak berak ere (mota honek jakina batere ama izan nahi ez duten emakumeak barne hartzen ditu) gure kulturan oso erantzun emozional eta ilogiko bat sortzen duela. Forma asmatzaile eta estilo beldurgabez, eleberri honek argi uzten du zein ez-nahikoa den auzitegi bat psikologiaren konplexutasunari eusteko. Amak edo emakume batek egin dezakeen ala ez, edo egin behar ez duena gai hartzen du Agirrek esplorazio kezkagarri bat eskaintzeko, gai bat denborari lotu gabea eta aldi berean ezin egokiera hobe duena".